argia.eus
INPRIMATU
Iruñerriko hamar gazteak aske dira
  • Eguerdian telematikoki deklaratu ostean, banan-banan utzi dituzte aske aste honetan Iruñerrian atxiloturiko gazteak. Espainiako Poliziaren txosten batean haietako hiruri "talde kriminala" osatzea egozten diete, "ETAren zatiketa baten ondorengoa" litzatekeena, abokatuetako batek azaldu duenez.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 29a
Elkarretaratzeak egin dituzte Arrotxapean atxilotuak askatzea eskatzeko (irudia: Xaloa telebista)

Udaltzaingoaren egoitzan telematikoki epailearen aurrean deklaratu ostean, ostegun honetan 14:30etik aurrera banaka irten dira, aske, aste honetan polizia operazio batean atxiloturiko Iruñerriko hamar gazteak. Kanpoan txalo artean hartu dituzte azken egunotan babesa eman dieten senide eta lagunak.

Abokatuetako batek senideei azaldu dienez, poliziaren txosten bat dago ikerketaren jatorrian Berria-ren arabera, eta bertan "ETAren zatiketa baten ondorengo taldea osatzea" egozten die, eta gazteetako hiruri "talde kriminala" osatzea. Sumarioa sekretupekoa izateari utzi dionez, zazpi liburuki marduleko txostena azaletik gainbegiratzeko aukera izan dute abokatuek eta gazteen telefono deien transkripzioak, txartelak, kultur ekitaldien inguruko informazioa eta abar aurkitu dituzte.

Asteazkenean beste bi lagun ere deitu zituzten deklaratzera. Hortaz, hamabi gazte daude auzian sartuta. Senideek informazio falta eta  ziurgabetasuna salatu dute asteartean operazioa hasi zen une beretik, eta gazteek elkartasun uholdea jaso dute egunotan.