27 urte gabe aritu ostean, emititzeko lizentzia lortu du Euskalerria Irratiak. Ostiral eguerdian irratiak berak zabaldu du berria.
"Kostata baina azkenean Euskalerria Irratiari aitortu diote emititzeko eskubidea. Eta Iruñerriko euskal hiztunon komunitateari, irratia bere hizkuntzan entzutekoa. Nolanahi ere, ezin ahantzi urte hauetako bidegabekeriak".
Irratiko kideek azaldu dutenez, lizentzia esleitzeko erabakia ez du Nafarroako Gobernu berriak hartu. Aurreko ikasturtean, Espainiako Auzitegi Gorenak 1998ko lizentzia banaketaren azken fasea errepikatzeko agindu zion Yolanda Barcinaren gobernuari. Hark osatu zuen kontratazio mahai berria, eta mahai horrek erabaki du lizentziak Euskalerria Irratiarentzat eta NET21 irratientzat direla.