Segiko eta Ekineko kide izateagatik seina urteko kartzela zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak Iruñerriko bost gazteri. Epai horri egindako helegitea aztertuko du Auzitegi Gorenak. Iruñean “herri harresia” antolatzen ari dira eta gaur eguerdian agerraldi jendetsua egin dute.
2008an poliziaren esku egon zirenean torturapean eta inkomunikazio aldian egindako adierazpenetan oinarritutako epaia dela salatu dute Aritz Azkona, Luis Goñi, Xabier Sagardoi, Maider Caminos eta Iker Jimenezek. Auzitegi Gorenak gaur berrikusiko du epaia eta berriz ere kartzelaratuak izateko arriskua dutela ohartarazi dute.
Kartzelaratzea oztopatzeko “herri harresia” antolatzen ari dira azken asteotan. Ekainaren 22an Iruñeko Gaztelu plazan harresia eraikitzen hasi ziren sinbolikoki ehunka lagun eta kartzelaratze aginduaren aurrean eman beharreko erantzuna prestatzen hasi ziren.
Gaur eguerdiko 12:00etan agerraldia egin dute toki berean eta ehunka lagunek euren etxeetako giltzak eskaini dizkie auzipetuei; arratsaldean Iruñerriko beste zenbait tokitan ere mobilizazioak egingo dira.