Lehenbizikoz egingo da Iruñerriko Arrazakeriaren Aurkako Mundialitoa, beste leku batzuetan egin ohi diren txapelketen bidetik. Saskibaloi eta futbol partidek osatuko dute egitaraua. Talde mistoak osatuko dira, eta kulturen artekoak.
"Gizarte desorekatu batean bizi gara", adierazi dute antolatzaileek. "Desberdintasunari eusten dioten logiken artean, garrantzitsuenetako bat arrazakeria da: desberdintasunak izatea arrazatik, kulturatik edo jatorrizko herrialdetik abiatuta. Horri aporofobia gehitzen zaio, bazterketa-elementu gisa. Arrazakeriari aurre egitea lehentasunezko zeregina da edozein komunitate emantzipaturentzat".
"Atzerritarren Legea, labirinto burokratikoak eta lan-prekarietatea gainjartzen diren elementuak dira, herritarren sektore oso bati eskubide sozialak ukatzeko: pertsona arrazializatuak, migratzaileak, errefuxiatuak", diote. "Horregatik, bi gizarte banatzen diren hiri batean bizi gara: alde batetik, eskubide osoko biztanleak; bestetik, pertsona guztien babesa izan beharko lituzkeen bermeen, babesaren eta askatasunen erregimenerako sarbide mugatua edo nulua dutenak". Aisialdian ere errealitate hori islatzen dela-eta, aldarrikatu dute elkartzeko, pilotaren inguruan denbora partekatzeko eta inguruko errealitateak ezagutzeko espazioak behar direla. "Gure gizarte-zirkuluak eraldatu behar ditugu zerbait gehiago sortuz, anitzagoa den zerbait".