Nafarroako beste zonaldeetan ez bezala, Iruñerriko etxeetan ETB ikus daiteke. Maiorga Ramirez EAko Nafarroako buruak jakinarazi duenez, EAko militanteek ordaindu dute Iruñerrian ETB ikustea ahalbidetu duen antena, baita hura Erreniega mendian jartzeko lanak ere. Orotara 11.776 euro ordaindu dituzte. Ramirezek gaineratu du Nafarroako Gobernua eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gezurretan ari direla. Haiek diotenez ETBren seinalea Nafarroa osoan ikusteko lanek milioi bat euroko kostua izango lukete, baina EAko buruak adierazi du ez liratekeela 40.000 euro baino gehiago izango.