Larreundiko Auzo Elkartea mural bat margotzen hasi zenean "gelditzeko agindua" jaso zuen. Izan ere, udalbatzan onartuta dago Palestina eta Israelen arteko auzian hirian ez dutela posizionamendurik onartuko eta "bakea" irudikatuko dela soilik.
Joan den astelehenean, hilak 21, San Juan plazan bildu ziren 200 herritar baino gehiago Palestinako genozidioa gelditzeko eskatzeko. Gernika Palestinarekin herri ekimenak bultzatutako elkarretaratzea izan zen eta Leire Vargasen ahotsa entzuteaz gain, Larreaundiko Auzo Elkartekoek ere mikrofonoa hartu zuten.
Auzoan Palestinarekin “elkartasun ariketa” bat egite aldera, auzoko ikastetxeekin harremanetan jarri eta mural bat egitea adostu zuten pasa den irailaren 21ean. Udalari eskaera egin zion auzo elkarteak, eta artista dagoeneko paretan marrazten ari zela, “gelditzeko agindua” jaso zutela salatu du auzo elkarteak.
Irailaren 24an murala egiteko baimenik ez zutela jakinarazi zien udalak “baina arrazoirik eman gabe”. Gero, bilera bat egin zuten Parte Hartzearen ordezkariarekin baina aterabiderik ez zutela topatu deitoratu dute. Izan ere, udalbatzako erabaki barren berri eman zieten: “Ez dira ez alde batekin ez bestearekin lerratuko, eta egitekotan bakea aldarrikatuko da”. Erabaki hau PSE-EE, EAJ eta PPren babesarekin onartu zen.
Elkartasun ekimena “blokatzea eta zentsuratzea” leporatu diote udalari. Irungo paretak “udaletxearenak” direla gaineratu zien udalak eta udal gobernuak “boterea” daukala erabakitzeko “zer bai eta zer ez bere irizpide politikoen baitan”. Irizpide politiko horrek Palestinarekiko elkartasuna ekiditen duela salatu du auzo elkarteak.
Dena den, murala egiteko “bestelako bideak” bilatzen ari direla aurreratu du auzo elkarteak, “irudimena da gure ekintza zuzenik onena” erantsi dute. Udalarena ez den pareten batean egingo dutela ziur dira eta proposamenak entzuteko prest daude. “Guk ez diogu porrotei beldurrik, bai ordea, izua eta galanta gainera, gure bizilagunen artean indiferentzia, axolagabekeriaren hedatzearen mehatxuari” bukatu dute.
Larreaundiko Auzo Elkarteak Irun Palestinarekin herri ekimenarekin elkarlanean, hitzaldi bat antolatu du auzo elkartean bertan biharko, hilaren 25erako. Susana Mangana arabiar eta islamiar azterlanen irakaslea, hizlaria eta nazioarteko analistarena izango da hitza, eta hitzordua 19:00etan finkatu dute eta aurreratu dute hitzaldia gaztelaniaz izango dela. Horrez gain, Palestinari atxikimendua adierazteko zapiak jarriko dituzte salgai 5 euroan.