Gizonezkoa kolpatu zuen ertzain agentea kargutik kendu dute kautelazko neurriekin, eta gertakariak ikertzen ari da Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitatea. Une hartan han ziren polizia agenteen jarrera ere aztertzen ari dira.
Joan den astean zalaparta sortu zuen gertakarien bideoa aurreko udakoa da, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi duenez. Hala ere, bideoak sareetan harrabotsa eragin arte Ertzaintzak ez du neurririk hartu. EiTBk esan duenez, bideoa zabaldu ondoren abiatu zuen ikerketa Ertzaintzak, bertan ziren polizia agenteen portaera aztertzeko.
Bideoan ikus daiteke, Irungo San Migel auzoan, nola gizonezko bat eztabaidan ari den udaltzain eta ertzain talde batekin. Entzuten da pertsona horrek agenteei leporatzen diela bera kontrolatzen egon beharrean "jende gaiztoaren bila" aritu beharko luketela. Une batean, ertzainetako batek zartako indartsu batekin lurrera botatzen du, eta, ondoren, inguruan ziren hamar polizia agenteak gizonezkoa lurrean utzita joaten dira.
Zartatekoa ematen dion ertzaina lanpostutik kendu dute momentuz, kautelazko neurri gisa, EiTBren informazioaren arabera. Ertzaintzaren Barne Arazoetako Unitatea ari da auzia kudeatzen, eta hor ziren ertzainen jarduera ez ezik, udaltzainen portaera ere ikertzen ari dira.