argia.eus
INPRIMATU
Irun eta Hendaiaren arteko muga irekitzeko elkarretaratzera deitu dute, migratzaileen eskubideen alde
  • Uztailaren 6an, 18:00itan, Santiagoko zubian deitu dute kontzentraziora hainbat taldek, hala nola Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, edo Ongi Etorri Errefuxiatuak.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 05a
Santiago Zubiko frantses poliziaren etxola berriz instalatzen. Argazkia: @antxetairratia

Inor ez da ilegala lelopean deitu dute elkarretaratzera, Tourra pasa ondoren Irun eta Hendaiaren muga berriro itxi dutela salatzeko. Talde desberdinek mugan dagoen militarizazioa migratzaileen kriminalizazioa eta polizia eta dronen presentzia salatzen dute.

2015ean ezarri zuten alarma egoeraren ondorioz itxi zuten zubia, hasiera batean “arrisku terroristaren” aurka, baina gaur egun migrazio kontrol bilakatu dela salatzen du Irungo Harrera Sareak. Bertako Oihana Galardirekin mintzatu da ARGIA: “Europan zehar mugitzeko eskubidea ez da bermatzen eta migratzaileen bizitzak arriskuan jartzen ditu”, adierazi du.

Mugen kontrolek migratzaileek bestelako bideak bilatzea eragiten dute, beraien bizitza arriskuan jarriz. Mugaren militarizazioak eta migratzaileen kriminalizazioak ondorio latzak ekartzen dituela salatzen dute taldeek. Oihana Galardiren hitzetan: “Migratzaileak presaz mugitzea eragiten du, mugak puntu beltzak bilakatzen dira, estres, beldur eta presio handia ezartzen da beraien gainean”.