Iruñeko Zangoza kaleko lur azpiko aparkalekua egiteko obrak hasi ditu udalak. Horren kontrako plataformak udalaren jarrera salatu eta adierazi du ingurumenari eta bizilagunei “kalte handia” egingo diela.
Iruñeko Udalak sustatuta Oses eraikuntza enpresak Iruñeko Zangoza kaleko lur azpiko aparkalekua egiteko lanak hasi ditu. Zabalguneko bizilagunak behin eta berriz haserre atera dira kalera. Proiektuaren kontrako plataformak lanak gelditzeko kontzentrazio bat iragarri du ostiral honetan, 20:00etan, Gurutze plazan.
Iñaki Aguirre aparkalekuaren kontrako sareko kideak salatu du ez dietela bizilagunei galdetu ere egin. Gaineratu du udalak “informazioa faltsutu” duela, zerrenda bat atera zuelako argudiatuz bizilagun “askok” aparkalekua egiteko eskatu zuela. 2008. urteko proiektu baterako osatutako zerrenda erabiltzen ari ziren. “Horietako asko hilda daudenez edo dagoeneko ez dutenez aparkalekurik nahi, zerrendatik atera dira”, kontatu du Aguirrek.
46 zuhaitz gutxiago
Aparkalekua egiteko 46 zuhaitz kenduko dituzte, haietatik 33 moztu eta beste 13 birlandatuko dituzte. Horrek ingurumenean “kalte handia” eginen duela salatu du plataformak. Kalteak aztertzeko txosten bat egin du Ignacio Bidegainek, ingurumen kalteen txostenetan adituak. Ondorioztatu du autoen isurtzeek “gora” eginen dutela – Iruñeko tokirik kutsatuenetako bat da-- eta zuhaitzen itzalek tenperatura jaisten laguntzen dutenez, kenduz gero tenperatura “igoko” dela.
Ingurumena kaltetzeaz gain, auzoko dendariak ere kaltetuko dituela salatu dute, 22 hilabete iraunen dutelako lanek. Beste kaleetan egindako lanei erreparatzeko eskatu du: “Argi ikusi da, lanen ondorioz dendariei kosta egiten zaiela bizirik mantentzea. Ziurrenik askok itxi egin beharko dute”.
Proiektuak 13,7 milioi euroko aurrekontua du, eta toki bakoitza 30.000 euroan salduko dute. Bizilagun askorentzat “ezinezkoa” izanen da toki bat erostea
Proiektuak 13,7 milioi euroko aurrekontua du, eta toki bakoitza 30.000 euroan salduko dute. Aguirreren arabera bizilagun askorentzat “ezinezkoa” izanen da toki bat erostea: “Inguruan dauden aparkalekuetatik garestienetarikoa izango da”. Haren ustez, horrek argi uzten du ez dituztela bizilagunak kontuan hartzen: “Bizilagunek ez badituzte nahi, Zabalguneko kanpoko jendeak ere erosteko aukera izanen du. Horrek esan nahi du dirua daukan kanpoko edonork Iruñera etortzen den bakoitzean aparkaleku pribatua izanen duela”.
Aurreko Iruñeko alkateak, Enrique Mayak, abiatu zuen proiektua ekainaren 13an eta Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak lanak hasi ditu bizilagunen eta plataformaren helegite guztiak erantzun gabe: “Helegiteak bidali ditugu, baina ez digute erantzun ere egin”.