Simon Santamaria Iruñeko udaltzainburuak dimititu egin du. “Arrazoi pertsonalengatik” izan dela esan badu ere, zazpi deliturengatik epaituko dute laster.
Bigarren dimisioa da bederatzi hilabetetan. Ignacio Polo Iruñeko Herri Segurtasunaren arduradunak apirilaren 21ean utzi zuen kargua –lehenago, alkohol tasa altuarekin gidatzen harrapatu zuten udaltzainek–.
Azken hilabeteetan hiriburuko segurtasun indarretan egindako aldaketek UPNk gidatutako erregimenaren gainbehera irudikatzen dutela argitaratu du Noticias de Navarrak.
15 urtez izan dira Polo eta Santamaria Nafarroako hiriburuko segurtasunaren arduradun. Urte horietan esku gogorrarekin erantzun diete Iruñean egindako zenbait ekintza eta protestari.
Akusatuen aulkian esertzeko bidean
Santamariak urtarrilaren 15ean dimititu zuen eta zazpi deliturengatik epaituko dute. Horien artean, Poloren alkoholemia kontrolean aurkitutako irregulartasunak eta Udaleko langile bati egindako jazarpena.
Polok berriz, edanda gidatzen harrapatu zutelako dimititu zuen eta otsailaren 10ean epaituko dute.
Sheriffen gisa Hiri Buruzagian
Santamaria eta Polo Iruñeko segurtasun indarren arduradun izan diren urteetan hainbat istilurekin izan dute zerikusia.
Besteak beste, 2004an Euskal Jai gaztetxea hutsaraztean Udaltzainek erakutsitako jarrerak zeresana eragin zuen.
Eguzki Bideoak kolektiboak egindako erreportaje honetan (18:22tik aurrera) ikus daitezke eraikinean iraun zuten herritarrak kanporatzeko erabilitako bortizkeriaren ondorioak.
2007an eskatu zuten lehenbiziko aldiz Santamariaren dimisioa, gazte batzuk protesta gisa zementuzko bidoi batera lotu eta Udaltzainburuak, ekintzari mespretxua adieraziz, bidoiaren gainean oinetakoak lotu zituenean.
Ezagunak izan dira San Ferminetako Txupinazoan Ikurrinaren debekuaren harira polizia lokalarekin izandako istiluak ere.
Eta Santamariaren gidaritzapean, etxe barruan ere ez da giro izan: APM-SPPME sindikatuarekin hainbat gatazka izan dituzte; 50 espediente baino gehiago jaso ditu sindikatuak udaltzaingoaren barruan jasaten duten tratua salatzeagatik.
Sindikatu hori izan da Santamaria epaitegietarako bidean jarri duena, mehatxuak eta lan delituak plazaratuz, besteak beste.
Larunbatetik aurrera Alfonso Fernández Torres izango da udaltzainburu berria. Bukatu ote da Iruñeko sheriffen garaia?