argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Udaleko oposizioko alderdiek Mayaren aurka planto egingo dute batzarrean
  • Iruñeko alkate Enrique Mayak CAN auziarekin duen erlazioa kontuan hartzekoa dela kontsideratu dute udaleko UPNren oposizioko alderdi guztiek, PPNk izan ezik.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 10a
Enrique Maya alkatearen kontrako pitada egingo dute (argazkia: ateakireki.com)

Ondorioz, adierazi dute osteguneko batzarrean planto egin eta moziorik ez dutela aurkeztuko.

UPNk oposizioko alderdien jokaera kritikatu du: “Herritarrek alderdi politikoengandik espero dutena lana, ideiak eta kolaborazioa dira; ez egoera desorekatzeko ekintza partidistak”, esan du alderdiak ohar batez. “Planto hau herritarren aurka doa, ez alkatearen aurka”.

Erabakia hartu duten oposizioko alderdiek, bestalde, adierazi dute alkatea CAN auzian inputatua izateak “jarduera politikoa normaltasunez eramateko zailtasuna” eragiten duela.

Aralarreko bozeramaile Aritz Romeok esan duenez, “alkateak hemendik lau egunera CAN auziaren inguruan deklaratu behar duela jakinda, ezin da batzar bat normaltasunez eraman. Iruñeako hiritarrek errespetua merezi dute, eta UPNk ukatu egiten die”.

Bestalde, Ateakireki.com-ek argitaratu duenez, ostegun honetan 19:30etan pitada herrikoia egingo dute Iruñeko udaletxe aurrean, Enrique Maya alkatearen dimisioa eskatuz.