EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartu dute akordioa.
Martxoaren 4an sinatu dute akordioa Iruñeko alkate Joseba Asironek (EH Bildu), Marina Curielek (PSN), Koldo Martinezek (Geroa Bai) eta Txema Mauleonek (Zurekin Nafarroa).
Bi urteren ostean, eguneratutako aurrekontuak izango ditu Iruñeko Udalak. Abenduaren 28an zentsura mozioa aurrera atera zenez geroztik, aurrekontuak onartzea izan da udal gobernu berriaren lehentasunetako bat.
Aurkeztutako proposamenarekin alderatuta, hiru milioi euro gehiago izango ditu aurten udalak. 265 milioi euro izango ditu gasturako zein inbertsiorako. Bigarren aurrekontu handiena izango da.
Inbertsioari dagokionez, 64 milioi euro izango ditu. Otsaileko proposamenarekin alderatuta, aurreikuspenak hobetu dira: lehenik eta behin, martxoaren amaierarako 29 milioi euro izango ditu inbertitzeko, eta maiatzetik aurrera espero du beste 35 milioi euro izatea, lur sailen salmenten zein diru soberakinei esker.