argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Udalean 1.615 lanpostuetatik 51k bakarrik daukate euskarazko hizkuntz profila
  • Iruñeko Udaleko plantilla organikoa argitaratu zen 2017ko martxoaren 8an. 1.615 lanpostuetatik euskarazko hizkuntz profila 51 lanpostuk daukate (% 3'16).  Biztanleen %22 euskaldunak edo euskaldun hartzaileak diren hiriburuan. 

Sustatu Administrazioan Euskaraz Taldea 2017ko apirilaren 11
Iruñeko udaletxea. (Arg.: José Antonio Gil Martínez CC by 2.0)

Egun berean, esaterako, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia organismo autonomoko plantilla organikoa argitaratu zen. 33 lanpostu dira, euskarazko hizkuntz profilik gabekoak guztiak. Nafarroako Gobernuaren azken Inkesta Soziolinguistikoan, Iruñeari dagozkion datuak hauexek dira: Biztanleen % 10'5 euskalduna da eta %11'4 euskaldun hartzailea (euskara ulertzen duena, ongi hitz egiteko gai izan gabe). Hamasei urtez beherakoen artean %25'1 dira euskaldunak eta %11'9 euskaldun hartzaileak. Joera nondik nora doan adierazten du honek.

Bestalde, Iruñeko Udal berri honek 32 lan deialdi eginak ditu agintaldi honetan. Hemeretzi deialditan ez du puntuatu euskaraz jakitea. Beste hamarretan prestakuntza txandako eta txanda irekiko zerrendak osatu ditu, eta prestakuntza txandako zerrendetan ez du puntuatu euskaraz jakitea (kontratazioetan, prestakuntza txandako zerrendek dute lehentasuna). Txanda irekiko zerrenda horietan, zortzi deialditan, euskarari hamar puntu eman zaizkio eta ingelesari zortzi. Zergatik ematen zaie kasik puntu kopuru berbera?

Euskara Nafarroako hizkuntza da, zerbitzu emateko baliagarria; ingelesa, berriz, ez (postu horietan behintzat). Gainera, euskaraz eta ingelesez dakienari ez zaizkio hamazortzi puntu ematen; hizkuntzak jakiteari hamar puntu ematen zaizkio gehienez ere. Txanda irekiko zerrendetan, behin eskatu du derrigorrez ingelesa jakitea eta bi aldiz eskatu du derrigorrez ingelesa edo frantsesa jakitea. Ordea, horietan euskara ez zen nahitaezkoa.

Hala ere, aitortu behar da aurreko agintaldiaren aldean euskara gehiago eta deialdi gehiagotan puntuatu dela. Plantilla organikoaren gaiari berriz helduz, gure ustez, kalkulu honen arabera ezarri beharko lirateke hizkuntz profila duten postuak: Iruñeko euskaldunen portzentajea + euskaldun pasiboen portzentajea gehi %2. Hau da, Iruñean %23'9. Esan bezala, gaur egungo plantillan %3'16 dira.

Albiste hau Sustatuk argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra