Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak salatu dute Navarra Sumaren udal gobernuak erasoen aurkako estrategia "urardotu" duela eta alde bakarrez aritu dela, beren ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe. Mahaitik altxatzearekin batera, etorkizunean lankidetza berreskuratzeko gogoa agertu dute.
Iruneko Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak asteazkenean jakinarazi dute Iruñeko Udalarekin elkarbanatu izan duten emakumeen aurkako indarkeriaren aholkularitza taldetik atera direla. 2014az geroztik mugimendu feminista eta Iruñeko Udala elkarrekin aritu dira sanferminetan eta auzoetako festetan gertatzen diren sexu erasoen aurkako estrategiaren lanketan. Alabaina, Navarra Suma agintera heldu zenetik, harremana kaskartuz joan da, harik eta hautsi den arte.
Hausturaren eragilea hiriko jai nagusiei begira egin ohi den kanpaina izan da, zeina mugimendu feministaren "adostasunik gabe" onartu duen Udal Gobernuak. Feministek adierazi dute Enrique Maya alkateak estrategia "urardotu eta edukiz hustu" duela, eta alde biei zegozkien erabakiak alde bakarrez hartu dituztela, "ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe". "Gobernu honek badaki ezin duela ezabatu kanpaina osoa errotik, baina ahaleginak eta bi egin ditu indargabetzeko, edukiz husteko eta orain arte elkarrekin egin ditugun aurrera urrats guztiak desegiteko", adierazi du Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako Iratxe Alvarezek.
Besteak beste, orain arte egindako kanpainetan ageri izan den eta dagoeneko ikoniko bilakatua zen esku gorria bigarren maila batean kokatu dutela adierazi du Alvarezek, baita ohiko leloa aldatu ere; Aske, ni beti aske. Iruña, eraso sexisten aurka konprometituta izango da lelo berria, feministen arabera sanferminekin loturarik ez duena. “Lelo hori 2021ko otsailean sortu genuen, eta ez dago sanferminetarako pentsatuta”, jakinarazi dute, sanferminetarako kanpainak integrala izan behar duela argudiatuz. Aldaketa horiez gain, kanpaina ikusarazteko euskarriei dagokienez ere egin dituzte moldaketak: "Esan ziguten ez zituztela ohiko euskarriak erabiliko: iragarkirik ez garraio publikoan, ez bideorik, ez irrati-telebistarako piezarik, ezta agertokietan jarri beharreko afixarik ere".
Halere, sexu erasoen aurkako protokoloa aldatu izana da gertakari larriena feministentzat. Orain arteko protokoloaren arabera, jaietan sexu erasoren bat gertatuz gero, mugimendu feministari zegokion mobilizazioak deitzea, eta horiekin bat egiten du udalak. Hala adostu zuten bere garaian udal talde guztiek. Baina udal gobernuak hori aldatu duela jakinarazi dute feministek.
"Navarra Sumaren udal gobernuak nahi duena da ahalmen hori udalaren esku uztea, sexu erasorik gertatuz gero, eurek erabaki dezaten noiz, nola eta zergatik egin behar diren mobilizazioak", Alvarezen hitzetan. Plataformaren iritziz, jaietan gerta daitezkeen erasoen aurrean ez-ikusiarena egiteko aukera izateko nahia da horren atzean ezkutatzen dena. Irakurketa horrek bat egiten du iazko azaroan Edurne Elio udal komunikazio arduradunak egindako adierazpenekin, iradoki baitzuen erasoen berri emateak hiriaren irudia zikintzen duela.
Mahaitik altxatu arren, etorkizunean berriz lankidetza berreskuratzeko gogoa agertu dute feministek.