Azken urteetan etxebizitza turistikoek izandako gorakada arautu nahi du, ostegun honetan Iruñeko Udalak onartutako araudiak. Gorakada honek batez ere Alde Zaharrari eragiten dio eta azken urteetan, auzoko hainbat elkartek hazkunde honi galga jartzeko arautegia eskatu diote udalari.
Orain onartutako araudiaren arabera, etxebizitza turistikoak bakarrik egon ahal izango dira eraikinen lehenengo solairuan, eta betiere, eraikinaren %25 baino gehiago okupatzen ez badute. Alde Zaharrari begira egina dago araudia eta kasu honetan, adibidez, oztopatzen du norbaitek erostea –gertatzen ari den bezala– eraikin osoa edo gehiena eta etxebizitza turistiko gisa erabiltzea.
Aitzitik, lehen solairuak turismorako izan daitezen arriskua du araudiak edo hori bultza dezake. Bi edo hiru solairuko eraikinetan zaila izango da berririk irekitzea aurretik bat baldin badago, baina Alde Zaharreko eraikin gehienek ez dituzte etxebizitza turistikoak beren lehen pisuetan eta araudi honekin egin ahal izango dira.
Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, Iruñean 2017an 295 etxebizitza, ostatu, hotel eta gisakoak ziren erregistratuak eta horietatik 140 Alde Zaharrean, hau da, guztien %47. Jakina da, halaber, beste etxebizitza askok lantzen dutela turismoa, baina erregistratu gabe daudela.
Besteak beste, azken urteetan turismoak eragina izan du Alde Zaharreko etxebizitzen alokairuen igoeran eta jende ugarik egin behar izan du alde auzotik, batez ere etorkinek edo gazteek. Oraintsu Idealista.com higiezinen-atariak Espainiako Estatuko alokairuen prezioez ateratako txostenaren arabera, azken 12 urteetan Donostian eta Iruñean hazi dira gehien alokairuen salneurriak.
Ostatuei eta hotelei dagokienez, araudi onartu berriak dio edozein eraikinetan egin daitezkeela halakoak, baldin eta etxadiaren %25a baino gehiago hartzen ez badu. Atal hau EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen. Honen arabera, potentzialki Alde zaharreko eraikin ugaritan eraiki ahal izango dira hotelak eta ostatuak.
Araudiak ateak zabaldu dizkio lehen Unzu saltokia zen eraikinean ostatua egiteari. Ostatu horrek 200 eta 300 plaza artean izango lituzke eta proiektuak auzoko bizilagunen aurkako jarrera handia sortu du. Joseba Asironek iragan legealdian gidatutako udalean, arautegiaren atal honetan distantzien arabera arautzen zen ostatu berrien irekiera eta horren arabera Unzuko proiektuak ez zuen araua betetzen. Oraingoarekin bai.
Araudiaz eztabaidatzen zen bitartean, auzokideek bilkura egin zuten Iruñeko Udaletxe plazan eta bertan salatu zuten onartutako araudia ez dela nahikoa izango turistifikazioaren eraginei aurre egiteko. Hemen Ahotsa.info-k landutako bideoa.