Bandera handiekin sartzea debekatzen zuen agindua ez betetzea egozten diete sei gazteei.
Sei gaztek 601 euroko isuna jaso dute aurtengo Txupinazoan Udaletxeko Plazan ikurrina erakusteagatik. Sanferminen aurretik Enrique Maya alkateak adierazi zuen ikurrinen aurkako jazarpenik ez zela egongo. Beste urte batzuetan bezala, Iruñeko Udaltzaingoak Txupinazorako protokolo berezia ezarri zuen, eta aurten Sanferminak hasi baino egun batzuk lehenago plazara bandera handiak sartzea debekatu zuten.
Salaketak abuztuaren amaieran hasi zen tramitatzen Iruñeko Udalaren Segurtasun saila, eta aste honetan iritsi zaie gazteei salaketa eta isuna. Salatutako sei gazteek ostiral arratsaldean agerraldi publikoa egingo dutela adierazi dute, salaketari nola aurre egingo dioten azaltzeko.
Ez da aurtengo Txupinazoan ikurrinarekin gertatu den gatazka bakarra. Izan ere, EH Bilduk eta Geroa Baik zuten balkoira ateratzea ukatu zieten zinegotziei, ikurrina txiki bat ateratzen saiatu zirelako. Maider Beloki zinegotzia ospitalean artatu behar izan zuten, udaltzainekin izandako liskarretan minduta amaitu eta gero.