argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Udalak murgiltze eredua %12ra murriztuko du haur eskoletan
  • 2022-2023 ikasturterako eskaini dituzten 1.069 plazetatik soilik 130 dira murgiltze eredukoak. Beste 129 plazek euskaraz gain ingelesezko jarduerak ere izango dituzte. Haur Eskolak Euskaraz plataformak eta EH Bilduk salatu dute Navarra Sumak euskarari egindako beste eraso bat dela, eta ingelesezko eredu mistoarekin euskara "zokoratu" nahi dutela.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 28a
Euskararen aurkako beste eraso bat dela salatu dute. / Argazkia: artxiboko irudia, Sustatu.

Ostegunean aurkeztu du Iruñeko udal-gobernuak 2022-2023 ikasturteko haur eskoletako eskaintza, eta, iaz bezala, euskarazko eskaintza murriztu du Navarra Sumak. Fernando Sesma zinegotziak egindako agerraldian jakinarazi du plazen %75,77k gaztelera izango dutela komunikazio-hizkuntza gisa, eta gainerako %24,23ak euskara. Zifra horien atzean begiratuta, ordea, ikus daiteke euskarari ez diotela ia tokirik utzi: 1.069 plazetatik 130 dira murgiltze eredukoak (%12), eta beste 129 plaza (%12) euskarazkoak izango dira, baina ingelesezko jarduerekin.

EH Bilduk gogor kritikatu du udalaren erabakia, eta ohartarazi du ingelesezko jarduerak “Troiako zaldia” direla, euskara are gehiago zokoratzeko estrategia. Koalizioak azpimarratu du Enrique Maya alkatearen eta haren udal-taldearen “euskarafobia” onartezina dela, eta haur eskoletako eskaintza euskararen aurkako “beste eraso bat” izan dela, iazko bide berean. Izan ere, 2021-2022 ikasturterako murgiltze ereduko plazak %18,5ra mugatu zituzten, eta datorrenerako beste zazpi puntu jaitsi dituzte.

Gurasoak kexu

Haur Eskolak Euskaraz plataformako gurasoek hilabeteak daramatzate euskararen bazterketa gaitzesten. Orain jakin dute euskarazko eskaintza bi haur eskoletan besterik ez dutela izango: Izartegin eta Goiz Ederren. Iñigo Otxoa Fernandez plataformako kideak Ahotsa.info-ri azaldu dionez, eredu mistoak (ingelesa dutenak) murgiltze ereduen gainetik ezartzeak “euskara oztopatu” egiten du; kritikatu du udalak euskararen transmisioa eragotzi nahi duela horrela.

Halere, jendea mobilizatzera deitu du Otxoak, zeren azken hitza Hezkuntza departamenduak duenez, oraindik aukera ikusten du egoera aldatzeko: “Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu proposamena geratzeko eta murgiltze eredua bultzatzeko”.