argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Udalak kale izendegia berrikusiko du plaka guztiak elebidunak izateko
  • Udalak gaztelania hutsean idatzita dauden hainbat seinale eta kaleren izenak ele biz jarriko dituela jakinarazi du. Kale izendegi osoa "berrikusteko" asmoa iragarri du. Euskararen ordenantzak bi hizkuntzetan adieraztea eskatzen du, baina UPNk ez du bete.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 07a
Iruñeko kale izendegia elebitan jartzea eskatzeko kontzentrazioa 2023 urtean, Konstituzio plazan. Argazkia: Euskararen Defentsarako Sarea

Iruñeko euskararen ordenantzaren arabera, ele biz idatzi behar dira herritar guztientzat diren bide seinale, kale izen eta kartel publikoak. Hau da, euskaraz eta gaztelaniaz. UPNren agintaldian, ordea, kale izenak eta bestelako seinaleak gaztelaniaz jarrita zeuden hainbat tokitan. Bi adibide nagusi daude: Konstituzio plaza eta Donejakue Bideko parkea gaztelania hutsean daude Enrique Maiaren gobernuaren garaitik.

EH Bilduk gidatutako Iruñeko Udal Gobernu berriak adierazi du hiriburuko kale izendegi osoa “berrikusiko” duela, eta “jarrera proaktiboa” izango duela halakoak zuzentzeko. Kale izenez gain, kartel informatiboak gaztelania hutsean idatzita daude, eta horiek ere euskaratzeko asmoa du udalak. Trinitarioen parkeko Kostarapea II aparkalekuan daudenekin hasiko dira. "Herritar batek udalari eskatu zion erreserbatua hitza ele biz ager zedila desgaitasunen bat dutenentzako aparkalekuetan, baina gaztelania hutsean dira oraindik". HoriCristina Ibarrolaren agintaldian jazo zen. Oraingo udalak auzibidea ixtea erabaki du, egindako eskaerari arrazoia emanez eta gainerako prozesu guztietan antzeko jokabidea izango du.

"Euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan". Euskararen ordenantzaren arabera, udalak bi txosten eskatu behar ditu kaleari euskarazko izena ezarri baino lehen: bat Udal Artxiboari, bideetarako izenak eskatzeko, eta bestea euskara teknikariari, izenaren euskarazko molde egokia finkatzeko.