argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Udalak haur eskoletan euskarazko eskaria gutxitzea bultzatu duela salatu dute
  • Aurrematrikulazio datuak aztertuta, badirudi guraso gutxiagok bidaliko dituztela euren haurrak euskarazko eredura. Administrazioa Euskaraz Taldeak Iruñeko Udaleko gobernu taldeak euskarazko eskaintza murriztu izana jotzen du arrazoi nagusitzat.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 21a
Euskal Haur Eskolaren aldeko manifestazioa Iruñean. Argazkia: Eginklik.org

Litekeena da Iruñean 2020-2021 ikasturtean euskarazko haur eskolek matrikulazio gutxiago jasotzea, Iruñeko Udalak eskaintza jaitsi ostean. Administrazioa Euskaraz Taldeak (AET) gertakaria salatu eta balorazioen zerrenda bat aurkeztu du.

Lehenik eta behin, gurasoen hautua “oso baldintzatuta” aurkitzen dela azpimarratu du AETk, izan ere, Udala da euskarazko eskaria noraino hel daitekeen ebazten duena. Aurreko gobernu taldeak eskaintza zabaldu zuen, baina hori ere “eskaintza mugatua” zela argitu du, eskaintza hori ez baitzen auzo gehienetara iristen. Bestetik, eta haur Hezkuntza derrigorrezkoa ez den heinean, gurasoek ez dutela plaza ziurtaturik. Hala, guraso biek lan egitekotan, plazarik ez lortzea “arazo handia” dela azpimarratu du eragileak. Eskariak urtero eskaintza aise gainditzen duenez, gurasoek plaza asko eskaintzen dituzten haur eskoletara jotzen dute. Hizkuntzaren hautua, beraz, “bigarren edo hirugarren mailakoa” bihurtzen dela oharatarazi dute. Horrenbestez, hautuan Udalaren jarrerak “gurasoen borondateak baino askoz gehiago” eragiten duela ondorioztatu dute.

Iruñeko Udalak euskarazko eskaintza bi haur eskoletara mugatu duenez, euskarazko eta gaztelaniazko ereduen arteko lehia erreala “auzo gutxitan” izan dela dio AETk. Donibanen eta Arrosadian, esaterako, bigarren urteko haurrek soilik zuten aukera euskarazko hautua egiteko. Horregatik, alderaketak egitea “oso zaila” dela dio taldeak.

Arrotxapean, haur eskola batetik  erdira murriztu da euskarazko eskaintza eta hori “nabaritu” egin dela diote. Goiz Ederren euskarazko eskariak “erraz” gainditu du gaztelania/ingelesezko eredua 47 eta 24 matrikulaziorekin, hurrenez hurren. Baina gaztelaniazko Haurtzarok ere plazak eskainita, balantza gaztelaniaren alde atera da: 47 eta 61. Txantrean euskarazko Izartegik ganditzen ditu Hello Egunsenti eta gaztelaniazko Santa Teresa, biak batera hartuta ere 38 eta 24 zifretan geratzen baita. “Garaipen erraza” izan dela uste duten arren, Izartegin 12 plaza bete gabe geratu direla gogorarazi dute. Horrek euskarazko haur eskola bakarra “haur gutxi duen auzo batean” dagoela adierazten du AETren ustez, eta beste bi haur eskolen aurrean nagusi den arren, “ume eskasia” pairatzen duela ohartarazi dute.

Nafarroako Gobernuak bi haur eskoletan eskaintza bikoitza eskaintzen du, euskaraz eta gaztelaniaz. Aurten Alde Zaharrean, Nuestra Señora de los Ángelesen, euskarazko eskariak gaztelaniazkoa gainditu du, 24 eta 21. San Jorgen, berriz, sendotu egin da euskarazko eskaria, 20 haur baitaude, eta horietatik 5 ume itxaron zerrendan geratu dira. Dena dela, auzo horretan gaztelaniazko eskaera handiagoa da, 38koa, hain zuzen ere.

Borrokaren beharra

Lehia hertsia izan den auzoetan euskarazko eskaria “ez da gaizki geratu”, esan du AETk, baina Udalaren eskaintzak hiriko emaitza orokorra “erabat” baldintzatzen duela ondorioztatu du, eta kasu honetan gazteleraren alde lerratzen dela erabat. Gainera, Herri Haur eskolaren proiektua ez da aurrera atera, pandemian zehar izandako arazoak bitarteko. Hala eta guztiz ere, eskaintza zabaltzeko “auzoz auzoko borroka” egin behar dela adierazi dute. Adierazi du euskarazko eskaintza ezin dela egon "gaitasunik gabeko langile taldeak baldintzatuta”, eta langile egokiak aukeratzea “Udalaren ardura” dela.