argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Udalak gaitzetsi du ez-sanferminetan Mayak izandako “jarrera arduragabea”
  • Iruñeko Udaleko Presidentetza Batzordeak Enrique Maya alkatea deitoratu du, ez-sanferminetan izandako "jarrera arduragabea eta aldebakarrekoa" dela-eta.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 02a
Enrique Maya. Argazkia: Iruñeko Udala

Iruñeko Udaleko Presidentetza Batzordeak, EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoekin, adierazpen bat onartu du, Enrique Maya alkateak sanferminetan izandako jarrera "arduragabea eta aldebakarrekoa" gaitzesteko.

PSNk aurkeztutako adierazpenak, gainera, "elkarrizketa, akordioa, informazioa eta ardura" eskatu ditu, "Udalak COVID-19 pandemiaren aurka egin behar duen borrokan".

Mayak gainontzeko alderdiei jaramonik egin ez ziela salatu dute: "Hamaika aldiz eskatu behar izan genion alkateari ezin zela ekintzarik antolatu Sanferminetan; izan ere, edozein ekitaldik pilaketak eta, beraz, kutsatzeak eragin zitzakeen”.

Hala ere, Enrique Mayak ez zien jaramonik egin ohartarazpenei, eta mezetan “mezu kontrajarriak” bidali zituen Santuaren omenez. Gainera, udaletxeko fatxadan zapi erraldoi bat zabaldu zuen, eta Gazteluko plazan, berriz, instalazio bat jarri zuen, "biziko ditugu" mezua gaztelania hutsean zeukala, jaiei erreferentzia eginez. Jendeak mezu horren ondoan argazkiak egiteko pentsatuta zegoenez, zaila zen jende-pilaketarik ez sortzea eta segurtasun-neurriak mantentzea. Uztailaren 6an udaletxeko fatxadaren eta erlojuaren irudiak emititu zituen, egun normala ez zela etengabe aldarrikatuz. Adierazpenean portaera guzti horiek salatu dituzte.

Baina hori ez ezik, adierapenak honakoa ere badio:"Gobernu taldeak aldebakartasunez jokatu du, taldeei informaziorik eman gabe eta haiekin ados jarri gabe, beharrezkoak ez diren hizkuntza-polemikak sortu ditu eta udal honek aurretiaz onartutako aginduen aurka joan da".