argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Udalak euskara sustatzeko aurrekontua %20 murriztu duela salatu dute
  • Iruñeko Udalak murrizketak egin ditu aurten euskararentzat aurreikusitako diru kopuruan. Urriaren 20an egindako udalbatzan berretsi zuten erabakia eta horren arabera, euskararen sustapenerako esleitutako aurrekontuak %20 jaitsiera izango du.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 29a
Arg.: Wikipedia

Iruñeko euskalgintzako eragileek salatu dute UPNk alkatetza hartu zuenetik, euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako neurriak hartzen ari dela, besteak beste, iazko udal ordenantzen aldaketa, euskarari udalean presentzia urriagoa emanez, haur eskoletan egindako murrizketak eta orain azken hau. María García-Barberena UPNko zinegotziak hartutako neurria da eta 90.000 eurotik 18.000 eurora jaitsi da euskara sustatzeko aurtengo diru kopurua, alarma garaian ekitaldi gutxiago egin direla argudiatuta.

Argudio horrek ez duela balio salatu dute euskalgintzako taldeek eta erabakiaren atzean euskarazko ekitaldiak desagerrazteko borondatea ikusten dute. Murrizketa hau garai honetan egitea inoiz baino zentzugabeagoa dela adierazi dute, euskaraz sustatzeko proiektuak eta, besteak beste, kultur eragileak orain daudelako inoiz baino behar handiagoarekin. Horrez gain, itxialdia dela eta, aurtengoa urte berezia izan dela azpimarratu dute, familiek eta norbanakoek ohi baino kontaktu gutxiago izan dutela euskararekin, eta horregatik ere, hizkuntzaren sustapenak laguntza handiagoa beharko lukeela eta ez murrizketa.