Azaroaren 29rako Baluarten egin behar zuten emanaldia maiatzetik hitzartua zuten.
Iruñeko Udalak bertan behera utzi du Pirritx, Porrotx eta Marimototsek azaroaren 29an Baluarten eskaini behar zuten Bizi dantza ikuskizuna. Maiatzetik hitzartua zuten emanaldia aurreko udal gobernuarekin, baina UPNren gobernu berriak atzera bota du antzezlana. Mertxe Rodriguezek, Marimotots-ek, adierazi du ez dietela oraindik arrazoirik eman; "paperen bat falta" dela besterik ez. Rodriguezek gehitu du aurretik ez dutela halako eskakizunik bete behar izan. Pailazoek astelehenean prentsaurreko bat egingo dute Iruñeko Katakrak liburu dendan, 17:30ean. Iñigo Sancho abokatuarekin batera agertuko dira gertatutako guztiaren xehetasunak azaltzeko. Nafarroako arartekoarekin ere hitz egin dutela adierazi dute.
Euren aurkako erabakiaz gain, prentsaurrekoan beste hainbat gai ere tratatuko dituztela azaldu du Joxe Mari Agirretxek, Porrotx-ek, ETB1eko Ahoz Aho saioan, tartean Iruñeko Udalak euskarazko Twitter kontua itxi izana. Agirretxek gehitu du alkatearentzat "opari bat" prestatu dutela: "Koloretako betaurrekoak, koloretako mundua ikusteko".
Ez da UPNk pailazoen aurka egiten duen lehen aldia. 2017. urtean, Iruñeko Udalak —EH Bildu zegoen agintean— hirukoteari Baluarte auditoriuma "doan" uztea salatu zuen alderdiak: "Fabore tratua da hori, hirian tradizio handia duten ekitaldiek jasotzen dutenarekin alderatuta; besteak beste, Bildu alkatetzara iritsi zenetik boikotatu nahi duen Corpusen ospakizuna". UPNk "Batasunaren pailazoak" direla adierazi zuen ohar hartan. Bilboko Udalak ere betoa ezarri zien Pirritx eta Porrotxi, Iñaki Azkuna alkate zela. Haien "ibilbide politikoa" jarri zuen aitzakiatzat. PPk egin zuen orduan pailazo horien ikuskizunak debekatzeko eskaria.
Atzera egin behar da Pirritx eta Porrotxen emanaldien aurkako erabakien jatorrira joateko. Pailazo taldeko kide bat zinegotzi zen Lasarte-Orian (Gipuzkoa); ETAk hango zinegotzi bat hil zuenean, ez zuen ekintza gaitzetsi, eta hortik aurrera hasi ziren pailazo taldearen emanaldiak bertan behera uzten PPk eta PSOEk alkatetzak zituzten herrietan. Beren jardun pertsonala eta artistikoa nahasi izana gaitzetsi zuten taldekideek. Pailazoen aldeko babes mugimendu bat ere jarri zen martxan.
'Bizi dantza'
Hirukoteak aurkeztu berri du bere azken antzezlana: Bizi dantza. Eskoriatzan (Gipuzkoa) egin zuten lehen saioa azaroaren 9an, eta bigarrena Asteasun (Gipuzkoa), egun bat geroago. Proiektu hau, aurrekoak bezala, talde lana izan da, eta pailazoekin elkarlanean aritu dira, besteak beste, Vanesa Castaño eta Jon Maia dantzariak eta Leire Bilbao idazlea —azken horrek sortu ditu doinuen hitzak, pailazo taldearekin elkarlanean—. Maite Mutuberria ilustratzailea eta Xabier Zabala musikaria ere izan dituzte bidelagun. Ikuskizuna soilik ez, izen bereko diskoa ere argitaratu dute, hamahiru abesti eta hamahiru kantukonturekin.