Astebururako Polizia dispositiboak antolatu dituzte Iruñeko Alde Zaharrean jende kopuruak ikuskatzeko. Udalak estrategia aldatu du ordea, ez baitu kontrol estatikorik ezarriko. Oraingoan zelataritza “modu ibiltarian” egingo da, eta hainbat gunetako sarrerak itxi egingo dituzte uneren batean ezarritakoa baino edukiera handiagoa hautematen bada.
Iruñeko Udalaren aburuz, “kanpoko pertsonen etorrera posiblea” ikusirik, polizia kopurua handituko dute asteburu honetan. “Ez dago San Ferminik, baina jaiak birsortzeko aukera dago”, ohartarazi du Udalak sare sozialen bidez.
Hilaren 6an “gehienezko edukiera” delako neurria ezarri zuten Alde Zaharreko sei gunetan: Jarautan 137 pertsona, San Nicolasen 160, Pozoblanco - Comediasen 71, Estafetan 344an, Caldererian 287 eta Nabarreria plaza inguruan 220 pertsona. Horrez gain, ostalaritzako establezimenduetan kontrola ezartzeko asmoa ere adierazi dute. Izan ere, taberna bakoitzaren edukiera maila ere ikuskatuko du Udaltzaingoak, eta babes neurriak betetzen direla kontrolatu ezin izatekotan, tabernak ixteko aginduak igorriko ditu.
Lokalen barruan baimendutako gehieneko edukiera % 75ekoa izango da, eta publikorako eremu baimenduetan 2,25 metro koadrokoa errespetatu beharko da erabiltzaile bakoitzeko. Aire zabaleko terrazak, berriz, udal-lizentzian baimendutako mahaien edukieraren % 100ean okupatu ahal izango dira. Kalearen erdian taldeetan eserita egotea eragotzi egingo dute ordea.