argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko taldekako bortxaketa ikertzen ari da Espainiako Polizia
  • Gutxienez hiru gizonezko atxilotu dituztela jakinarazi dute poliziek, eta oraindik ikertzen ari direla erasoa.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko apirilaren 23a

Apirilaren 13-14an izan zen erasoa. Emakume batek taldeko bortxaketa bat salatu zuen Iruñean polizia iturrietatik jasotako informazioaren arabera. Espainiako Polizia ari da kasua ikertzen, eta, aditzera eman dutenez, gutxienez hiru gizon atxilotu dituzte emakumeak jarritako salaketaren ondorioz abiatutako ikerketaren harira. Guztiak ere epailearen aurretik igaro direla adierazi dute.

Larunbat gauean jai giroan murgiltzeko asmoz irten, eta Iruñeko etxe batean hainbat gizonek sexu harremanak izatera behartu zutela salatu zuen emakumeak. Poliziei azaldu zienez, substantziaren bat eman zioten, horren bidez bere buruaren jabe izateari utz ziezaion. Behin haren eragina pasatuta, gertatu zenaz jabetu zela adierazi zuen emakumeak, eta orduan erabaki zuela salaketa ipintzea. Txandaka, hainbat gizonek sexu harremanak izatera derrigortu zutela kontatu zien poliziei. Efe agentziaren arabera, atxilotu gehiago izan daitezke, ikerketa oraindik ere abian baita. Hainbat hedabideren arabera, erasoa Jarauta kaleko etxe batean gertatu zen.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.