Orain astebete izandako sutean zauritu zen emakumea eta ordutik Zaragozako (Aragoi) Miguel Servet ospitalean egon da, asteartean hil den arte. Gizona atzo espetxeratu zuten behin-behinean.
Urriaren 16an Iruñeko Kale Nagusiko 55. zenbakiko lehenengo solairuan izandako sutean larriki zauritu zen 50 urteko emakumea. Espainiako Poliziak sutea 47 urteko gizonezkoak eraginda egon zitekeelako usteari jarraiki, ikerketa bat abiatu zuen, indarkeria matxista kasua izan zitekeelako hipotesiarekin. Iruñeko emakumeen kontrako indarkeria auzitegiko titularrak honen fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratzea komunikatu zuen astelehenean, emakumea hiltzeko saiakera egitea leporatuta. Gizonak genero indarkeria aurrekariak ditu, eta ekainera arte emakumearekiko urruntze-agindu bat izan zuen indarrean.
Epaileak zenbait arrazoiri jarraiki ezarri dio espetxeratze zigorra gizonari: ikertu den gertakarien larritasunagatik; indarkeria matxistari dagokionez gizonak dituen aurrekariengatik; osasun egoera eta erasotzailearen partetik aurretiaz pairatutako indarkeriagatik emakumea babestu beharra zegoelako; eta gizonak ihesari emateko arriskua ikusten zuelako.