argia.eus
INPRIMATU
Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataforma
“Iruñeko sexu erasoa salatzean ez dira protokoloak bete”
  • Indarkeria Sexistaren aurkako Nafarroako Emakumeen Plataformak adierazi du ez direla ezarritako protokoloak errespetatu, eta Jarauta kaleko eraikin batean sexu erasoa sufritu izana salatu duen emakumeak, salaketa jartzean, ez zuela ez abokatuaren ez medikuaren laguntzarik jaso, "ezta psikologikoa ere".

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 25
Jarautako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea, asteazkenean Iruñean / Ahotsa.info

Emakumeen Plataformaren hitzetan, "ezer gutxirako" balio dute indarkeria jasan duten emakumeak artatzeko baliabideek, informazioa eman eta tresna horiek biktimen eskura jartzeko "betebeharra" daukatenak ez badira euren eginbeharrean inplikatzen, "ezarritako protokoloak" ez betetzeaz gain, "horikeria" sustatzen duten prentsa oharrak bidaliz, zeinak "min handia" egiten dion erasoa jasan duen emakumeari.

Biktimari euren babes eta elkartasuna adieraztearekin batera, emakumeen plataformak salatu du eraso sexistak ez direla gertaera isolatuak, ezta "emakume batzuei gertatzen zaizkien gauzak ere", baizik eta emakumeen kontrako indarkeria "egiturazkoa eta unibertsala" dela: "Eraso guztiak, edozein motakoak izanik ere, tinko behar dira arbuiatu, guztiak. Erasoei larritasun handiagoa ala txikiagoa emateak, soilik lortzen du eraso batzuk justifikatzea besteen aurrean; eraso bat zenbaterainoko larria izan den hura sufritu duen emakumeak esan behar du, eta ez gertaerak berak".

Bere aldetik, okupazioaren aldeko Iruñeko Alde Zaharreko mugimenduak eraso matxista horren "mediatizazio lotsagarria" salatu du. Adierazi du gertatutakoaren arreta-puntua modu interesatuan desbideratu dela.