Asteartean, urriak 25, Espainiako poliziak Iruñean duen polizia-etxean hildako gizonarekin zer gertatu zen argitzeko eskatu dute Paperak eta eskubideak denontzat, EH11 Kolore, SOS Arrazakeria, Sare Antifaxista eta Salhaketa Nafarroa plataformek.
42 urteko senegaldarra astearte arratsaldean atxilotu zuten. Ustez estupefaziente trafikoagatik harrapatu zuten, Diario de Noticias egunkariaren arabera. Testiguek diotenez, atxilotu nahi zuten agenteekin borrokatu ondoren, bost polizien artean sartu zuten polizia-autora.
Geroago, polizia-etxean hil zen gizona. Poliziak ohar batean adierazi duenez gizonak arnasarik hartzen ez zuela jabetu eta suspertze maniobrak egin zizkioten, baina ezin izan zuten ezer egin.
Paperak eta eskubideak denontzat, EH11 Kolore, SOS Arrazakeria, Sare Antifaxista eta Salhaketa Nafarroa plataformek gertaturikoa argitzeko lanean hasteko eskatu diete erakunde publikoei: "Parlamentuak eta udalak ardurak eskatu beharko lituzkete eta gertatutakoa ikertzeko eskaera egin beharko lukete". Bestalde, atxilo-aldietan protokolo ziurrak behar direla defendatu dute, atxilotuei osasun psikologiko eta fisikoa bermatzeko.
Zabalduriko oharrean erakunde sozialek hedabideei gaia tentuz jorratzeko eskatu diete, informazio guztia izan arte.