argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko polizia-etxean hil den gizona konorterik gabe eraman zutela salatu dute
  • Asteartean Iruñeko polizia etxean hildako 42 urteko gizona konorterik gabe eraman zutela atxilotuta adierazi dute lekukoek. Arrotxapea auzoan egindako atxiloketaren irudiak sarean zabaltzen hasi dira.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 28a

Elhadji Ndiaye 42 urteko senegaldarra astearte arratsaldean atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak, haren esanetan Arrotxapea auzoko Marcelo Zelaieta etorbidean motoa abiadura handian gidatzen zuenean. Poliziaren bertsioan, atxiloketaren unean gizonak eraso egin zien. Navarra.com-ek argitaratutako bideoan polizia protestan entzuten da, atxilotuari ez heginka egiteko esanez eta poliziak direla ohartaraziz.

Poliziaren bertsioan, gerora ohartu ziren atxilotuak estupefazienteak zeramatzala. Beheko lehen bideoan ikusten den gisan, azkenean hainbat polizia atxilotuaren gainean dira atxilotua kontrolpean dutela. Polizia Nazionalaren arabera, polizi-autora sartzean atxilotua lasaitu egin zen eta General Chinchilla kaleko komisaldegira eraman zuten. Bertsio ofizialaren arabera, ziegara sartzeko zain zegoela hil zen, ustekabean.

Orain baina, atxiloketa hura ikusi zuten hainbat lagunek adierazi dute, Ndiaye konorterik gabe sartu zutela poliziaren autoan. Argitu egin beharko da hori, baina hala balitz, aztertu beharko da ea zergatik poliziak ez zuen ospitalera eraman artatzera. Lehen bideoa Naiz-ek igo du sarera eta Ahotsa.info-k partekatu du Youtuben.

 

Navarra.com-ek ere atxiloketaren momentua jasotzen duen beste bideo bat sareratu du.