argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Pio XII etorbidea: autoentzako aparkalekuak oinezkoei lekua kenduz
  • Enrique Maya Iruñeko alkatea astearte honetan Iturrama auzoan egon zen bilduta 150en bat bizilagunekin, Pio XII.ena etorbideaz jarduteko. Joseba Asironen legealdian berritu zen etorbidea, autoaren tokia kenduz eta bizikletari gehiago emanez.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 11
Argazkia: Oskar Montero (Diario de Noticias)

Orain, Mayak jakinarazi du aldaketak egingo dituztela legealdian zehar autoentzat 200 bat aparkaleku sortuz. Iruñeko arteria garrantzitsuenetakoa da Pio XII.ena eta iragan legealdian ika-mika handia ekarri zuen Asironen taldea eta UPNren eta PSNren oposizioaren artean. Egindako proiektu berriarekin, funtsean, bizikletentzako bi bide egin ziren, garraio publikoarentzako bidea eta geltokiak hobetu eta autoarentzako aparkalekuak kendu, inguruko kaleetan hainbat gehituz. Aparkalekuei eskainiko zaien espazioa espaloiak estutuz irabaziko dute.

Orduan, etorbideko merkatari hainbatek gogor egin zuten proiektuaren aurka, argudiatuz aparkalekuak kenduz bezeroei autoz hurbiltzeko zailtasunak jartzen zaizkiela eta, beraz, salmentak jaitsiko zirela, hainbatentzat ixteko arriskua handituz.

Mayak iragarritakoaren arabera, obrak hiru fasetan egingo dira legealdian zehar eta ez dute 300.000 euroko aurrekontua gaindituko, beraz ez du osoko bilkuraren onespenik beharko eta gobernu taldean aterako dira aurrera. Gai hauetan joan den legealdian izandako joera hautsiz, orain PSNk hainbatetan egin du bat Geroa Bai eta EH Bildurekin, eta kasu honetan hiru alderdiek Hirigintza Batzordean adostu dute Mayari eskatzea ez ditzala aparkaleku berriak egin Pio XII.ean.

Txirrindularien protestak

Txirrindulariek asko irabazi dute haientzat egindako bi bideekin eta irabazitakoa zaindu nahi dute, baina Navarra Sumaren erresistentziak hor dira. Uztailean eta abuztuan txirrindulari eta kotxe banatzen dituzten plastikozko bolardoetako asko apurtuz joan dira, bereziki bihurguneetan autoek aurrez aurre eramaten dituztelako. Txirrindulariek berregiteko eskatu dute zenbaitetan, baina udaletik adierazi da obrak hasiko direla eta, beraz, ez duela merezi inbertsiorik egitea.

Asteon jakin da txirrindulari batek Nafarroako Artekariari eskatu diola bitartekaritza lanak egin ditzan udalarekin, txirrindularien segurtasunerako bolardoak ezinbestekoak direlako eta istripuren bat gertatuz gero erantzuna udalarena izango delako. Navarra Sumak atzera egin du eta astearteko bilkuran Mayak jakinarazi zuen apurtutako bolardoak berriz jarriko zirela.