argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Orfeoiak eta La Veleta peñakoen oinordekoek botako dute Txupinazoa
  • Alkatetzak proposamen hori aurkeztu die Udal Gobernuko kideei, eta ezusterik ezean onartu eginen dute. Joseba Asiron alkateak uko egin dio berak botatzeari "beste batzuek gehiago merezi dutelako".

Euskalerria irratia @fm983irratia 2015eko ekainaren 25
La Veleta peñako kideak, 1931ko irudi batean (argazkia: Txupin Etxepare) La Veleta peñako kideak, 1931ko irudi batean (argazkia: Txupin Etxepare)

Veleta peñako kideek, 1931n, sanferminetan zuriz janzteko ohitura asmatu zuten. Bost urte geroago, 1936an, haietako asko fusilatu zituzten frankistek, errepublikazaleak, abertzaleak edo anarkistak izateagatik. Txupin Etxepare ekimenak, Iruñeko peñen federazioaren babesarekin, aurtengo Txupinazoa  La Veleta peñako kideen oinordekoek bota dezatela proposatu dute, memoria  historikoa berreskuratzeko eta festen izaera herrikoia berpizteko xedearekin. Halaber, Txupinazoa jaurtitzeko prest diren oinordekoen zerrenda helarazi dio Udalari.

Alkatetzak Txupin Etxepare ekimenaren proposamena begi onez dakusa, ñabardura batekin: Iruñeko Orfeoiak aurten 150 urte betetzen ditu, eta hura ere txupinazoan protagonista izatea nahi du. Joseba Asiron alkatea dagoeneko Orfeoiko ordezkariekin mintzatu da. Hortik dator azkenean Udal Gobernu Taldeari egindako proposamena: La Veletakoen oinordekoek eta Orfeoiaren ordezkariek batera piztu dezatela Txupinazoa. Alkatetzak asteartean egindako bileran jakinarazi zien proposamena aldaketaren aldeko lau taldeei eta espero da ostiralerako erabakia hartzea.

Orain arte, udal taldeek jaurtitzen zuten Txupinazoa, handienetik txikienera, salbuespen batekin: ezker abertzalearen txanda iristen zelarik, UPNk baztertu egiten zuen eta beste norbaiten esku utzi. Joseba Asiron alkateak azaldu izan du legealdi honetan Txupinazoa urtero herritarrek botatzea nahi duela, eta gainera jaurtitzailea aukeratzeko erabakia herritarren esku utzi nahi dutela, prozesu parte hartzaile baten bidez. Haatik, lehen urte honetan ez denez halako prozesu bat antolatzeko astirik, Alkatetzak La Veletaren eta Orfeoiaren aldeko apustua egin du.

(Artikulua Euskalerriairratia.eus-etik hartu da CC lizentzia baliatuta. Hemen originala).