Iruñea erdiguneari eragiten dion mugikortasun planak hamar hilabete bete dituenean, hainbat datu eman du Udaltzaingoak. Herritarren ohiturak aldatzen ari direla sumatzen da.
Alde Zaharraren eta Lehen Zabalgunearen "adeitasun planaren" helburuetako bat da ibilgailu pribatuen joan-etorriak murriztu eta autobus eta bizikleta kopurua handitzea. Baita oinezkoei tarte zabalagoa ematea ere. Zentzu horretan, emaitzak jada ikus daitezkeela erakusten dute Udaltzaingoak emandako datuek.
Datu horietako batzuk plazaratu ditu Kepa García kazetariak Noticias de Navarra egunkarian, planak jasotzen dituen 10 helburuak ardatz hartuta. Ikus daiteke, esaterako, Alde Zaharrean eta inguruko kaleetan autoen kopuruak behera egin duela, eta horrek ez duela auto pilaketarik eragin hiriko beste leku batzuetan. Bestalde, garraio publikoaren erabilerak %4,5 (lan egunetan) eta %9,5 (larunbatetan) artean egin du gora; eta bizikletek espazio gehiago dute orain. Takonera eta Navas de Tolosa kaleetan, adibidez, bidegorri berria egin dute.