Carolina Martinez eta Clemente Bernarden kontrako epaiketa asteazken honetan hasiko da: Iruñeko Erorien Monumentu frankistari buruzko dokumental bat egiteagatik auziperatu dituzte eta fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu du bien kontra.
Martinezek eta Bernardek A sus muertos izeneko dokumentala egin zuten Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egin eztabaidatzeko asmoa zeukan jardunaldi batean iaz. Ikus-entzunezko lan horren egileei leporatzen diete Mola eta Sanjurjo militar frankisten gorpuak dauden kriptan kamerak jarri eta baimenik gabe irudiak grabatzea. “Intimitatea urratzea” eta “sekretuak argitaratzea” leporatuta, bi urteko espetxe zigorra eta 12.000 euroko isuna eskatu ditu bientzat.
“La hermandad de caballeros voluntarios de la cruz” izeneko talde bat da epaiketako akusazio partikularra. Martinezek eta Bernardek joan den urrian esplikatu zutenez, errekete soldadu ohien talde bat da. “1939an Iruñeko Apezpikua zen Marcelino Olaetxeak sortu zuen. Haien estatutuetan argi adierazten dute zein den taldearen helburua: beharrezko dena eginez, Espainia eta Jainkoaren aldeko gurutzadara Nafarroa eraman zuen izpiritua bizirik mantentzea. Esan dezakegu, 1939tik aurrera izan direla Erorien Monumentuko guardia pretoriarra. Haiek sustatu zuten monumentua egitea eta ondoren berau zaintzeaz arduratu dira. Han zuten egoitza, han egiten dituzte beren mezak. 1998an Udalak eraikin Nagusia bere gain hartu aurretik, mezak aldare nagusian egiten zituzten, ordutik monumentuko kriptan egiten dituzte. Emilio Molak estatu-kolpea abiatu zuela, Nafarroan uztailaren 19an zabaldu zen, eta horregatik erreketeentzat 19 egun handia da eta ermandadekoek hilabetero 19an egiten dute meza. Eta noski, uztailaren 19koan indar guztiak jartzen dituzte, jende gehiago joan dadin. Jende hau da salatu gaituena”.
Epaiketaren aurka agertu dira oroimen historikoan aldeko hainbat eragile. Martinezen eta Bernarden aldeko manifestu bat argitaratu zuten eta 2.000 lagun baino gehiagoren atxikimendua jaso du dagoeneko. Babes taldeon iritziz, ezin da delitutzat hartu espazio publiko batean dokumentazio artistikoa egiteko asmoz egindako lana.