argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Dana Models agentziako nagusiaren biktimek epaia kritikatu dute
  • Agentziako nagusiak biluzik grabatu zituen emakumeetariko batzuek elkarretaratzea egin zuten larunbatean Iruñean eta epaia arbuiatzen dutela adierazi zuten. Nafarroako erakunde publikoei bilera eskatu diete, sei urtez ahaztuta izan eta gero entzun diezaieten.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 08a
Elkarretaratzea Iruñean. Argazkia: noticiasdenavarra.com / Javier Bergasa.

Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean bildu ziren Daniel Lucía Iruñeko Dana Models agentziako nagusiaren biktimak. 129 emakume biluzik grabatu dituelako 115 urteko kartzela zigorra jaso du agentziako nagusiak. Horietatik bost urte egin beharko ditu espetxean. Biktimak ez daude ados epaiarekin, ezta prozesu judizialarekin ere.

Epaia aldeen adostasunez eman zen eta ezin da errekurtsorik jarri. Emakumeek idatzia helarazi diete Nafarroako Parlamentuari, Berdintasunaren Nafarroako Institutuari eta Gobernuko Justizia kontseilariari, “entzun gaitzaten, prozesu judizialean ezikusiak, ezkutatuak eta babesgabe utziak izan baikara sei urtez”.

Biktimek adierazi dutenez, aldeen arteko adostasunaren ondorioz epaiketa bertan behera geratu zela otsailaren 1ean jakin zuten, posta elektroniko baten bidez. Emakumeek salatu dute beraiek ez dutela parte hartzerik izan prozesuan.