Sayas eta Adanero diputatuek Espainiako Kongresuan lan erreformaren aurkako botoa eman dute, eta UPNk aktak itzul ditzaten eskatu die. Izatez, UPNk iragarri zuen babestu egingo zuela gobernu koalizioa, eta, ordainetan, PSNk bertan behera utziko zukeen “adierazpen xenofoboengatik” Mayaren kontra Iruñeko Udalean egindako gaitzespena. Iragarpen guztiak aldatu dira azken momentuan, eta hautsak harrotu ditu.
Iruñeko Enrique Maya UPNko alkatearen aurkako gaitzespena onartu dute ostegun arratsaldeko udaleko osoko bilkuran, adin txikiko etorkinen kontra eginiko “adierazpen xenofoboak” direla medio. EH Bildu eta Geroa Bairekin batera azken unean PSNk ere bat egin du gaitzespenarekin, Espainiako Kongresuko lan erreformaren bozketako berriengatik: UPNko Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek kontrako botoa eman dute. Ez zen UPNk sozialistei hitzemandakoa, beraz, ordainetan Maya gaitzetsi dute.
Maite Esporrin sozialistak oso haserre erantzun die: “Noraino iritsiko zarete? Nola egin dezakezue iruzur horrela? Utzi adarra jotzeari. Egoera lotsagarrian utzi gaituzue”. Mayak arrazoia eman dio Esporrini, eta haren haserrea ulertzen zuela esan. Sayasi eta Adanerori bota die errua, esanez alderdiak ez zuela horren berri, eta haiei ere iruzur egin dietela. “Boto emaileekiko, afiliatuekiko eta alderdiko organoekiko desleialtasuna erabatekoa eta onartezina da”, kritikatu du UPNk ohar batean. Bi diputatuei eskatu diete kongresuko aktak itzul ditzaten. Hala egingo balute, UPNk Madrilgo bi diputatuak galduko lituzke, eta PP eta Ciudadanosen eskuetara pasako lirateke, Euskalerria Irratiak jaso duenez.
Adanerok Twitter bidez azaldu du lan erreformari ezezkoa ematearen arrazoia: “Kontrakoa egin izan banu Sanchezi babes argia emango niokeen, EH Bilduren laguntza duen Espainiako presidenteari”. Argudiatu du UPN alderdiaren ideien koherentziaz jokatu duela. Iturri batzuek zabaldu dutenez, bi diputatuak PP eta Voxekin elkartu ziren bozketaren aurretik, eta horregatik azken momentuko boto aldaketa. Halere, Sayasek ukatu egin du halakorik.