argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Maravillas gaztetxearen balizko hustutzeari aurre egiteko asanblada publikoa antolatu dute
  • Azken egun hauetan Nafarroako Gobernuak Maravillas gaztetxea hustutzeko emandako pausoen aurrean, Gaztetxetik herri asanblada antolatu dute, desalojoaren aurrean zer egin erabakitzeko. Asanblada gaztetxean bertan eginen da, abuztuaren arratsaldeko 3an, 19.30ean.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2018ko abuztuaren 01

Gaztetxearen aurka ia urte batez irekita zegoen prozedura judizialean akusazio partikular bezala azaldu da orain Nafarroako Gobernuak. Honekin batera, epaileari espazioaren desalojo prebentiboa eskatu dio.

Gaztetxetik Geroa Bai-ren jarrera salatu dute. "GBai-k denbora darama erakusten defendatzen duen eredu soziala ez dela ezertan ezberdintzen lehengo Erregimenarekin alderatuz", esan dute ohar batean. "Geroa Bai PNV-k Nafarroan erabiltzen duen marka zuria" dela uste dute, eta leporatu diote "langile klasearen ongizatea bermatzen duen aldaketa erreal eta sakon bat" ez defendatzea. "Alderantziz. PNV-Geroa Bai-k bere interes propioak eta haien elitekoak defendatzen dituzten alderdiak dira. Adibideak soberan ditugu: AHT, Aroztegia, desalojoak, politika sozial urriak, euskararekiko gutxiespena, ..."

"Benetako aldaketa" kalean emango dela "kapitalismoak jendartean ezartzen duen miseria eta zapalkuntzaren aurka egunero borrokatzen duten kolektibo eta pertsonengandik" azpimarratu dute, eta ildo horretan "azken urte hauetan gauzak aldatzeko borrokan ibili diren horientzako ere erasoa" dela ohartarazi dute. "Erantzuna kolektiboa izan behar du", diote. Horregatik, ostiral honetan 19:30ean Gaztetxean bertan egingo den Herri Batzarrean parte hartzera gonbidapena zabaldu dute.

Albiste hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.