Iruñeko Lezkairu auzoan ikastetxe publiko berria eraiki dute –Paderborn-Lezkairu– eta ikasturte honetan hasi da lanean. Hizkuntzak Ikasteko Programako (PAI) ikastetxea da, eta gaztelaniaz eta hainbat ikasgai alemanez ikasteko aukera eskaintzen du, baina D eredurik ez du.
Ika-mika piztu da María Chivite lehendakariak adierazi duelako D eredurik ez dagoela euskaraz ikasteko eskari nahikorik egon ez delako. Eta Nafarroako eskuineko egunkari nagusiak, esaterako, gaur titulua eskaini dio gai horri: “Eskaera faltagatik Lezkairuko ikastetxeak ez du D eredurik izango ikasturte honetan”. Azaltzen du hiru eskari bakarrik izan direla eta inguruko beste ikastetxe batzuetara bidali dituztela. Ikastetxe hori orain arte Zaragoza etorbidean egon da eta PAI programan aritu da, ohikoa den ingelesa eman beharrean, alemanarekin.
LABek ordea, bestelako txioa zabaldu du sareetan, eta jakinarazi du “interesa zuten familiek diote ez zutela jakin ikastetxe horrek euskaraz irakatsiko zuenik”. Eta salatu dute hau “beste eraso euskarafobo bat gehiago” dela.
Eskolaren eta guraso elkartearen jarrera
Osteazken goizean, halaber, Euskalerria Irratian elkarrizketatu zuten Lezkairu auzoko euskara taldeko Hernaiz Otxandorena, eta hark azaldu du ez dela guztiz egia Hezkuntza Departamendutik adierazitakoa: “Jakin badakigu eskaera epea zabaldu zenean familiek ez zutela jarrera egokia jaso ez zuzendaritzatik, ez guraso elkartetik ere”.
Otxotorenaren erranetan, familia batek adierazi zien interesa zuela D ereduarekin, baina informazioa biltzera joan zirenean zentroko zuzendaritzak ez zien segurtatu egongo zenik. Guraso elkartetik, aldiz, esan zieten nahiago zutela D eredurik ez izatea.
Otxotorenak irratian azaldu duenez, egoera ikusita D ereduarekin interesatutako familiek gertu diren beste ikastetxe batzuetara jo dute, hala nola, Mutiloa, Mendillorriko Mendigoiti edota Arrosadiako Hegoaldera. Aitortu du, halaber, orain arte bederen oso zaila egin zaiela auzoko euskal komunitatea elkartzea.
Euskalerria irratian azaldu dutenez, halaber, Lezkairuko hainbat familiek bidali diete matrikulazio garaian ikastetxeak egindako eskaintzaren kartela: gaztelania, alemana eta ingelesa eskaintzen ziren, baina euskarazko aukerarik ez. Kartela, halaber, gaztelania hutsean zegoen.