argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Laba elkarteak “Seismoa” eragingo du Alde Zaharrean
  • Labak ekarriko duen Seismoa-k goiz osoan zehar astinduko ditu Iruñeko Alde Zaharreko kaleak, oraindik guztiz argi ez dauden ekitaldi ugarirekin.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 08a

Alde Zaharreko San Frantzisko plazan ekingo diote egunari, txokolatea eta txurroak eskainiz bertaratzen direnei; eta bertso saio bat eta musika ugari izango da, Euskalerria Irratian Iñaki Sagardoik Labakideak jakinarazi duenez. Irratiaren webgunean esaten denez, “sekretuan mantendu nahi dute egitasmoa, eta momentuz baieztatu dutenez Vogue Kiki House of Anunnaki, Bapateko Orkestra, Kinbonbo Brass Band eta Gure Aldetara mini bertso saioa izanen dira hirian”.

Hasiera ezaguna da beraz, baina amaieraz ordua bakarrik ezagutzen da: 14:00ak aldera bukatuko da, kontzertu indartsu batekin. Bere komunikazio kanpaina osoan zehar bezala, orain ere Labak ezustekoa hobetsi du, horrela astindua handiagoa izango delakoan.

Laba sorkuntzarako espazioa da, eta elkarteak azaldu duenez, sumendiekin gertatzen den bezala, laba hiri osora barreiatzea dute helburu, euskarak eta euskal kulturak presentzia duina izan dezaten Iruñeko erdigunean. Hainbatetan adierazi duten gisan, esperimentazioari leku esanguratsua eman nahi diote.

Gazteluko plazako La Perla Hotelaren ondoan ari dira atontzen kafetegia izango dena, alde batek plazara ematen du eta besteak Estafeta kalera. Oraindik publikora itxita dago, baina nahi duenak bihar ikusi ahal izango du espazioa. Udan zehar diru bilketa arrakastatsua egin dute herritarren artean, oraintsu lortu dute obrak egiteko lizentzia eta amaitu ondoren irekiko dituzte ateak.

Urriaren 23an, esaterako, Karrikiri elkartearekin batera antolatutako ekitaldia izango da goiz osoan Laban bertan. Lehenik Emilio Lopez Adan historialariak aurten argitaratu duen Borroka armatua Euskadin. 1967-2011 liburuaz arituko da; ondoren, Samara Velte, Maider Galardi, Emilio Majuelo eta Lopez Adan berak gertuko iraganari helduko diote, honako titulupeko mahainguruan: 'Oso latza izan da'. Nola gogoratu, nola kontatu euskal gatazka.