argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko
  • Otsailaren 22an itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz irekiko dute.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko otsailaren 14a
Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Labak hiru urteko ibilbidea egin du eta lortu du erreferentzialtasun maila esanguratsua Iruñeko euskal kulturaren esparruan, non eta Alde Zaharrean, hiriko aisialdiaren esparru garrantzitsuenean. Hori zen elkartearen sustatzaileen helburu nagusia: euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eramatea, Gazteluko plazara.

Helburua ez zen txantxetakoa eta ez dira makalak izan elkarteak hasieratik izan dituen oztopoak. Batetik, euskara zentrora eramatea bera, hiri nagusiki erdaldun batean; bestetik, ostatu bat kudeatu behar izatea, horrek berez dakartzan zailtasunekin, areago kafetegi izaera izanda, eta alkoholdun edaririk zerbitzatzeko lizentziarik gabe. Eta, besteak beste, agian arazorik korapilatsuena izan dena, hasieratik ezin erabili izatea berari zegokion terraza espazioa.

David eta Goliat, terraza kari

Terrazaren auziak biziki katramilatu ditu elkartearen asmoak, gaia judizializatzera iritsi baitzen, eta aurkaria ez zelako edonor: UPNk kudeatutako Iruñeko Udala. Udal ordenantzak argiak ziren, Laba kafetegiak bazuen bere aurreko espazioa terraza gisa erabiltzeko eskubidea, baina Enrique Mayak kudeatutako udala ezezkoan tematu zen. Lehen uneetan Windsor ostatuak jarraitu zuen terraza erabiltzen, eta hark erabilera utzi behar izan zuenean ere, Labari denbora kostatu zitzaion zegokion eskubidearen erabilera egitea.

Auzia gora, auzia behera, azkenean Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2022ko urrian ebatzi zuen Labaren alde eta onartu zion terraza erabiltzeko eskubidea. Hala ere, udalak muzin egin zion baimena emateari eta, azkenean, Nafarroako Gobernuak esku hartu behar izan zuen, eta haren Despopulazio eta Tokiko Administrazioaren Zuzendari Nagusiak eman behar izan zuen terraza erabiltzeko baimena.

Auzi korapilatsu horretan energia eta indar handia xahutu zuen elkarteak, baina azkenean, 2023ko abuztuan Labak terraza erabiltzeari ekin zion. Hastapenetik, alabaina, Labak kultur jarduera oparoa bideratu zuen elkartean, eta terrazarekin ikusgarritasuna handitu zuen; baita diru sarrerak ere, terrazarekin edo gabe ez baita berdin.

Iragan udan Windsor tabernak ateak itxi zituen eta, ondoren, Labako espazioa jabetzan duen familiak Windsor ostatua erosi zuen. Horrek proiektua biziberritzeko aukera eman dio elkarteari. Labak ostegun honetan prentsa-oharrez jakinarazi duenez, espazio berrian “oholtza handituko da, musika ekipoa hobetuko da eta aretoa bera apainagoa izanen da, ostatuaren itxura ere berrituko baita. Irekiera data zehatzik ezin dugu eman, baina beranduenez ikasturte hasieran ateak irekitzea da gure asmoa”.

Argazkia: Laba

Nuevo Café Torino

Torino Berria SL izango da Labaren espazio berria kudeatuko duen enpresa. Izen hori ez da atzo bertan zerutik jausitakoa, izan ere, XX. mendean Nuevo Café Torino egon zen 1971n itxi zen arte. Gerora, espazio hura bitan zatitu zen, eta orain berriz batuko da. Oraingo Laba kafetegia itxita dagoen bitartean Labako kultur jarduera inguruko beste espazio batzuetan egingo da. Laba elkartea, besteak beste, ohikoan elkarlanean aritzen da Alde Zaharrean dauden Karrikiri eta Zaldiko Maldiko elkarteekin.

Espazio berriak, beraz, euskara eta euskal kulturarentzat erreferentziazko gune are eta ikusgarriagoa izateko aukera izango du udazkenetik aurrera: espazio berri eta modernoarekin, ostatu ezaugarri guztiekin, eta orain arteko kultur jarduera oparoa baldintza hobeagoetan eskaintzeko aukerarekin.

Otsailaren 22ko festari begira, honako egitarauarekin emango diote behin-behineko agurra orain arteko Labari:

12:00. Azoka, denboraren kapsula eta bermuta, DJ Barbariek girotua, Laban.

13:00 Tribialaba! Laban.

14:30 Bazkaria Montón tabernan: menua 25 euro (prezio prekarioa 20 euro). Izena emateko info@laba.eus-era idatzi behar da.

18:00 Ekitaldia eta swing dantzaldia, Laban.

19:00 Karaokea Laban.

Eguna bukatzeko, Laba itxita, Montón tabernara itzuliko dira: 24:00etan, DJ Barbarie.