argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Katakrak liburu dendak argitaletxea sortu du
  • Angela Davisen “Askatasuna, etengabeko borroka bat” eta Srecko Horvaten “La radicalidad del amor”  lanekin ekin dio Katakrak-ek liburuak argitaratzeari.   

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 30
Katakrakeko kide batzuk Donostiako Kaxilda gunean (Arg: Katakrak)

Martxan jarri duen proiektu berri horretan Euskal Herriko eta munduko saiakerak lantzea izango da helburu nagusia. Horrela azaldu dute Katakrak argitaletxeko kideek azaroaren 29an Donostian egindako agerraldian.

Bi liburu argitaratuz ekin diote bideari: Srecko Horvaten “La radicalidad del amor” eta Angela Davisen “Askatasuna, etengabeko borroka bat”. Azken horren aurkezpena egin dute agerraldian.

Azaldu dutenez, munduko mugimendu sozial batzuk aztertzen ditu Davisek liburuan. Tokian tokiko gatazkak beste leku batzuekin konektatzen ditu, munduko hainbat borroka lotuz.  Mugimendu berri batean lotu nahi ditu Davisek Fergusonen zapaltzen diren beltzak, emakume beltzak, langileak, emakume lesbiana beltzak, trans emakumeak, haur palestinarrak, presoak, baztertuak eta pobretuak.   

Liburua kalean dago dagoeneko, eta salgai jarriko dute Durangoko Azokan, The Balderekin partekatuko duten postuan. Horrez gain, Katakrak argitaletxearen aurkezpen jaia ospatuko dute abenduaren 1ean 19:00etan Katakrak liburu dendan bertan.