argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko kabalgatatik kanpo utzi dute kazetari bat, ustez antolakuntza kritikatzeagatik
  • Reyes Ilintxeta ARGIAko kolaboratzaile eta Diario de Noticiaseko zutabegileak azaldu du aurten ez dutela deitu betidanik parte hartu izan duen ekitaldira. Baltasar beltzari buruzko iazko eztabaidan egin zituen kritikengatik dela dio.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 05
Illintxetak iaz Baltasar errege magoarekin egindako selfiea (arg: Euskalerria Irratia)

Ilintxetak duela 15 urtetik parte hartu izan du Iruñeko kabalgatan hiru erregeen mezulari bezala, “euskaraz zekien norbait behar zelako”.  Diario de Noticias egunkarian argitaraturiko iritzi artikulu batean azaldu duenez, ordea, aurten ez da ekitaldian izango: “Bota egin naute eta diferituan gainera”. Kazetariari ez diote deitu ere egin, eta hirugarren pertsonen bidez jakin du antolakuntzaren erabakiaren arrazoia omen dena: iaz Baltasar beltzaren irudiaz sorturiko eztabaidan hainbat artikulu kritiko idatzi zituela.

Kabalgata antolatzen duen elkarteko presidente Fernando Lizaurren jarrera eta egiteko moduak kritikatu zituen Ilintxetak haietako artikulu batean: “Lizaur jauna, lan asko egin duzu, baina kabalgata ez da zurea, ez Elkartearena, ezta zure neurrira egindako Juntarena ere. Ez zaizu gustatu Baltasarren papera utzi behar izana eta haserre zaude, ulertzen dut. Hori du purpurina burura igotzeak”.

Ilintxetak kalbagata zoriontsua opa die denei, “baita nire ordez euskaraz egingo duen berriari ere”.