Alde Zaharreko Jarauta kaleko Katu taberna ezaguneko jabea da erasoa jaso duena eta erasotzaileak ustez taberna ondoko atarian bizi diren pertsona taldea. Larunbat goizaldean izan ziren gertaerak eta tabernariak ospitalean amaitu zuen zauri larriekin.
Lekukoek salatu dutenez, eraikin horretako pisu okupatu batzuetan bizi diren hainbat pertsona Katu tabernako atea bortxaz ireki –itxita zegoen– eta barruan zegoen jabeari eraso egin zioten. Lehengo lekukoak berehala bertara iritsi zirenean, tabernaria lurrean topatu zuten konorterik gabe, "hilda zegoela uste genuen", dio horietako batek sare sozialetan zabaldu den audio lekukotzan. Tabernaria ospitalera eraman zuten eta bertan artatu zuten. Sareetan dabilen beste bideo batean, erasotzaileak ikusten dira tabernako atea hausten, oihuak entzuten dira eta geroxeago tabernatik ateratzen diren hainbat pertsona Jarauta kaleko 13. pisuan sartzen dira.
Okupatutako pisu honetan bizi direnekin arazo asko izaten ari direla salatu dute eraikin honen inguruko bizilagunek. Katu-ko tabernariari elkartasuna erakusteko larunbateko 22:30ean auzoko bizilagunek bilkura egin zuten Jarauta kaleko 13.eko atariaren aurrean eta, besteak beste, ustezko erasotzaileak kanporatzeko eskatu zuten. Bilkuran izan ziren tentsio uneak eta horietako batean atariaren zaintza lanetan ziren udaltzainek borraz kolpatu zuten herritar bat, buruan zauri irekia eraginez. Lekukoen arabera, horietako udaltzain batek zera esan zuen: "Errua Asironena da, pisuaren hustutzeko agindurik eman ez duelako". Gaur Diario de Navarrak dioenez, bilkuraren ondoren pisu horretako bizilagunek bertatik alde egin zuten. Astelehen honetan, Cordovillako egunkariak gaia azalera eraman du eta bertako tituluan "okupekin" dagoen tentsioa aipatu du.
Pisu honi dagokionez, auzoan egiten zaizkien salaketen arabera, bertan droga trafikoa egiten da. Hainbat testigantzen arabera, eraikinaren atzealdean diren Santa Ana plazan eta Piparrika auzo-baratzean behin baino gehiatotan agertu dira xiringak. Joan den apirilean, halaber, pisu horretan izandako bortxaketa salaketa bat izan zen, emakumezko batek salatu zuen zerbait eman ziotela edateko eta "txandaka, hainbat gizonek sexu harremanak izatera derrigortu zutela".
Nafarroako prentsa eskuindarra gertakariak baliatzen ari da Joseba Asiron Iruñeko alkateari eraso egiteko, honek hilabeteetan "ezer egin ez duelako". Iruñeko EH Bilduk kaleratutako oharrean esaten denez, pisua hustutzeko salaketa duela hilabeteak dago jarrita epaitegietan eta orain "desalojo eskaera azkartu beharko litzateke". Esaten du, halaber, pisu horretako pertsonek arreta eta zaintza behar dituztela.
Ahotsa.inforen bideo honetan ikus daiteke larunbat gaueko bilkuraren une bat.