argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko inauterietan izandako istiluengatik zazpi gazte deklaratzera deitu dituzte
  • Ostegunean deituak daude justizia jauregira. Auzoko gazte mugimenduak auzoak bizi duen jazarpena salatu du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko irailaren 15a

Iruñeko Alde Zaharreko zazpi gazte deklaratzera deitu dituzte datorren irailaren 17an, auzoko inauterietan desordena publikoak eragitea leporatuta. 17 eta 23 urte artean dituzte; adingabeak dira gehienak. Martxoan deklaratzera ditu zituen Espainiako Poliziak, baina uko egin zioten deklaratzeari.

Aurtengo Iruñeko Alde Zaharreko inauterietan kalejira egiten ari zirela, hainbat gazte moxaurrez mozorroturik zihoazela, Espainiako Polizia Nazionalaren furgoi batek abiada bizian egin zuen festan ari zirenen aurka. 14 urteko neska bat harrapatu zuen. Anbulantziari deitu ordez, Poliziak adingabea atxiloturik eraman zuen furgoian. Gero ospitaleratu behar izan zuten, pelbisean fisura zuela eta.

Iruñeko inauterietan Espainiako Poliziak izandako jarrera “kongruentzia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-printzipioen araberakoa” izan zela iritzi dio Espainiako Gobernuak. Hala azaldu zion EH Bilduri Espainiako Kongresuan egindako galdera bati erantzunez. Diziplina espedienterik irekitzea baztertu du gobernuak.