Kalean eginen den antzezlan batek garai bateko Iruñean bizi ziren hamar emakume izanen ditu protagonista. Memoria Eszenikoa izenarekin emakume haien bizipenak, sentimenduak, pairatutako errepresioak eta isilarazitakoak kontatuko dituzte hiru aktorek. Alde Zaharrean barna eginen dute ikuskizuna, euskaraz, asteartez eta asteazkenez.
Gaur egungo Iruñea nondik datorren ezagutzeko beste modu bat eskainiko zuten atzo arratsean Maia Ansa eta Garazi San Martin aktoreek, eta gaur eskainiko dute bigarren saioa. Memoria Eszenikoa izeneko lanaren bidez garai bateko hirian bizi ziren hamar emakumeren bizipenak, sentimenduak, jasandako errepresioak eta isilarazi zizkietenak kontatuko dituzte. Bi hilabeteko egonaldien bidez ondu dute lan hau. Aurretik dokumentazio lan handia egin dutela ere adierazi dute: historialarien eta antropologoen laguntza izan dute horretarako.
Euskarazko bertsioa ikusteko aukera izanen da gaur 19:00etatik aurrera. Santa Maria la Real plazan abiatuko da eta Iruñeko zenbait gune zeharkatuko dituzte Santo Domingo azokan amaitzeko. Kalean izanagatik ere 20-25 pertsonarentzako eskainiko dute ikuskizun bakoitza. Aurrerago data gehiago iragarriko dituzte eta gaztelaniazko bertsioa ere bai. Azken horretan Maria Araiz ere arituko da aktore.