51 urteko gizonezko bat epailearen aurretik igaroko da astelehen honetan, 47 urteko emakume bat labankadaz hiltzea egotzita. Larunbatean izan zen hilketa, Iruñeko Anayak tabernan; bertako bazkide eta bikote ziren gizona eta emakumea. Astelehen arratsaldean beste hilketa bat oroitzeko elkartuko dira Iruñean: 15 urte beteko dira sanferminetan Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik.
2023an lau emakume hil dituzte Euskal Herrian genero indarkeriari lotuta. 2003an zenbaketa egiten hasi zirenetik, 121 emakumezko. Azkena larunbatean izan zen, Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan. 51 urteko gizon batek bere burua entregatu zuen udaltzaingoan, eta aitortu zuen eztabaida baten ostean bere bikotekide eta tabernako bazkide zen 47 urteko emakumea hil zuela, labankadaz. Andrearen gorpuak arma zuriaren zauriak zituen. Astelehenean deklaratuko du gizonak Iruñeko Instrukziozko 3. Epaitegian, baina aurreratu dute hilketa matxista leporatzen diotela. Sekretupean dago sumarioa.
Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte hilketa matxista gaitzesteko. Astelehenean minutu bateko isilunea egin dute Nafarroako Parlamentuan, 12:00etan. Emakumeen Mundu Martxak deituta, igande arratsaldean Iruñeko udaletxe aurrean ehunka lagun bildu ziren hilketa salatzeko, “Emakumeon kontrako indarkeriarik ez” lelopean, eta “nazkatuta” daudela errepikatu zuten. 47 urteko andrearen familiari elkartasuna adierazi zioten, tartean hildakoaren lau seme-alabei. “Indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatzen ditugu, bizitza duinak. Sistema hau iraultzeko borrokan jarraituko dugu, feminismoak sistema patriarkala suntsitzen duen arte”, azpimarratu du Emakumeen Mundu Martxak. Larunbat iluntzean, berriz, Itaia Iruñerriak antolatu zuen elkarretaratzea, hilketa gaitzesteko.
Igande goizean instituzioek deituta egin zuten elkarretaratzea, eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak indarkeria matxista salatu zuten. Erakundeek jakinarazi dute emakumeen aurkako indarkeria gelditzeko lanean jarraituko dutela.
Beste hilketa matxista batengatik elkarretaratzea egingo dute astelehenean, 19:00etan Iruñeko Vinculo Plazan.Astelehen Lilak elkarteak deitu du, eta “Beragatik, denentzat, justizia eta ordaina. Haien ahotsak gara. Beste bat ere ez!” lelopean Nagore Laffage oroitzeko elkartuko dira. Uztailaren 7an 15 urte beteko dira Jose Diego Yllanesek 20 urteko emakumea hil zuenetik.
Orduan Yllanesek 27 urte zituen, eta mediku psikiatra zen. 2008ko sanferminetan Iruñeko Iturrama auzoko etxebizitza batean hil zuen Laffage, gizonarekin sexu-harremanak izateari uko egin ostean. Egun berean atxilotu zuten gizona, eta onartu zuen berak hil zuela. 12 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten; 2018an baldintzapean aske geratu zen, arlo pribatuan lan egiteko baimenarekin, Eitbk gogorarazi duenez. 2020tik aske dago baldintzarik gabe.