argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko haur eskoletako gurasoek epaia aplikatzeko luzamendua eskatu dute
  • 2020-2021 ikasturtean, “inor aseko ez duten aldaketa arinak” ez egiteko eskatu du plataformak. Iruñeko Udaleko indar politiko guztiekin egon dira joan den astean eta plazen murrizketari aurre egiteko alternatibak lantzen ari dira.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 10
Otsailaren 1ean Iruñeko Udaletxe plaza lepo bete zen euskarazko haur eskolak eskatzeko. Navarra Sumaren erabakiak ehunka guraso eta herritar haserretu ditu. Argazkia: Ekinklik.org.

Fernando Sesma izan zen Navarra Sumaren izenean plataformako gurasoekin bildu zena. Sesmak adierazi dienez, berriki egindako inkestaren datuak erabiliko dituzte beste tresna batzuekin batera datorren ikasturteko eskaintza egokitzeko. Oposizioan dagoen PSNko Maite Esporrinek berriz, esan die inkestaren emaitzak ez direlako erabiliko, epeak direla-eta.

Alderdi politikoetako ordezkarien hitzak entzunda, HE Gurasoak plataformak eskatu du epaiaren betetzea luzatzea, “ez baitu zentzurik ikasturte honetan aldaketa batzuk egiteak, jakinik ez direla baliozkoak eta datorren urtean aldaketak berriro ere egin beharko direla”.

Plataforma alternatibak lantzen ari da plaza murrizketaren ondorioz sistema publikoan euskaraz ikasteko aukerarik gabe geratuko diren familiei erantzun ahal izateko. Alderdi politikoei, sindikatuei eta gizarte eragileei laguntza eskatu diete alternatibak aurkitzeko.

Iruñeko Udalak egindako planaren ondorioz, datozen hiru urteetan haur eskoletako euskarazko plazak %14ra murriztuko dira, plataformaren iritziz. Enrique Maya alkateak jakinarazi duenez, datorren ikasturteari begira euskarazko eskaintza murrizteari ekingo dio. Adierazi duenez, Joseba Asironen taldeak arrazoi politikoengatik euskarazko plazak %40ra igo zituen joan den legealdian eta berak orain %22ra eramango ditu, bere hitzetan auzitegiek agindu bezala eta eskaintzara egokitzeko.