argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Haur Eskolen eskaintza eskaera soziolinguistikora egokitzea proposatu du PSNk
  • Maite Esporrin Iruñeko Udaleko talde sozialistako bozeramaileak "udal Haur Eskolen eskaintza eskaera soziolinguistikora egokitzea" eta "berehala, esparru horretan irauteko bokazioa duen itun politiko bat lortzeko lan-mahai bat martxan jartzea" defendatu du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko otsailaren 10a
Argazkian Maite Esporrin. Argazkia: euskalerria irratia.

Esporrinek egonkortasuna eskatu du prentsaurrekoan "haurtzaroko hezkuntza bezalako sektore erabakigarri eta sentikorrarentzat". Horretarako, udal haur-eskoletako hizkuntza-ereduek "egoeraren araberako aldaketa politikoetatik babestuko dituen plangintza eta kudeaketa" izan behar dutela uste du, "Talde politiko bakoitzak hizkuntzaren eta hezkuntzaren arloan duen jarrera legitimotik harago".

Datorren otsailaren 11ko Herritarren Batzordeari aurkeztuko duen lau puntuko adierazpen batean, sozialistek eskatzen dute udalak, oro har, "konpromisoa har dezala udal haur-eskoletako hizkuntza-eskaintza eskaera soziolinguistikora modu objektiboan egokitzeko".

Horrekin batera, bigarren akordio batean, "udal haur-eskolen hizkuntza-ereduan etorkizuneko aldaketarik ez egiteko konpromisoa" hartzeko eskatu dute, "aldez aurreko azterketa soziolinguistiko zorrotz eta objektibo batek bermatzen ez badu".

Esporrinek, halaber, "udal haur eskolen hizkuntz ereduan inolako aldaketarik ez egitea" eskatu du, "modu proportzionalean, mailakatuan, haurren hezkuntza zikloa eten gabe, hezkuntza komunitatearen parte-hartzearekin eta inplikatutako familiei ahalik eta informazio osatuena emanez".

Azkenik, adierazpena azken akordio batekin amaitzen da. Akordio horretan eskatzen dute "berehala abian jartzea lan-mahai bat udal talde ezberdinen artean udal haur-eskoletan hizkuntza-ereduari buruzko itun politiko bat lortzeko, irauteko bokazioarekin, udalak une bakoitzean agintzen duena alde batera utzita".