"Egoera hau ezin da luzatu eta Nafarroako Gobernuak horren gaineko erabakia berehala hartu behar du", dio sindikatuak. Hala ez bada, mobilizazioak deituko dituela iragarri du.
"Espetxeen Administrazioaren ardurarik eza" eta "Nafarroako erakundeen kontrolik eza" jo ditu egoeraren erantzule. Iruñeko espetxeko bi medikuak aldi baterako ezintasun egoeran daudela eta osasun-arretan dagoen zerbitzu gabezia larria dela ohartarazi du ELAk. "Baja-egoera horiek deitoragarriak izateaz gain, errepikatu daitezke gerora begira".
"Estatuko edo Nafarroako sistema publikotik kanpoko zerbitzuak hartzearen aurka gaude ELAn. Zeharo publikoa izan behar den zerbitzu baten 'ezkutuko' pribatizazioa salatzen dugu. Aurrekari oso arriskutsua izan daiteke, osasun-eskumenak Nafarroako Sistema Publikoari transferitu ezean", dio sindikatuak. Osasun kontseilariarekin bilera egiteko eskaera egina dute dagoeneko. "Jarrera argia, berehalako konponbidea eta egoera berriz ez errepikatzeko hitzematea" da eskatzen dutena.