argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute
  • Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko dizkiote, kupula handia barne, Franco hil zen egunean jakinarazi dutenez.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko azaroaren 20a
Iruñeko Erorien Monumentuan eraikina eraistea eskatzeko elkarretaratzea. Iñigo Uriz / Foku

Adieraberritzea adostu dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Iruñeko Udalean. Erorien Monumentuak hor jarraituko du, ez dute osorik eraitsiko azkenean, baina "sinbologia frankista duten" elementu arkitektonikoak kenduko dizkiote, eta bere kanpoko itxura eta barruko esanahaia ere aldatu egingo dira.

Denbora asko eraman duten eztabaida eta negoziazioen ostean, akordio politikoa erdietsi dute hiru alderdiek eraikinaren inguruan, eta azaroaren 20an eman dute horren berri, Francisco Franco espainiar diktadorea hil zen egunean hain zuzen. Hala ere, xehetasun guztiak ekitaldi publiko batean eskainiko dituztela azaldu dute.

Maravillas Lamberto zentroa

Iruñeko Erorien Monumentua 1942an jaso zuten, erregimen faxista goraipatu eta 1936ko Gerran altxamendu militarraren alde hildakoak gogoratzeko. Frankismoak eraikitako halako izaerako monumentu handiena da, Madrilgo Cuelgamurosen dagoen Erorien Haranaren ostean. Horregatik, alderdi horiek azaldu dute eraikinarekin modu "irmo, argi eta adierazgarrian" jokatu behar dutela.

Erorien Monumentuan milaka lagun frankismoa goresten gerraostean.

Espazioari esanahaia guztiz aldatzea adostu dute hiru alderdiek, faxismoa salatzeko memoria demokratikoaren zentro bihurtuta, Naiz.eus-ek aurreratu duenez. "Maravillas Lamberto" izena jarriko diote zentroari, 1936an frankistek hildako Larragako neskatilaren omenez.

Kupula estalita

Besteak beste, egun monumentuaren sinboloa den kupula handia estali egingo dute. Kanpoaldetik ez da orain bezala ikusiko, "sekularizatua" baizik, eta barrualdetik ere, agerian dauzkan Ramón Stolzen margo frankistak publiko orokorrari estali egingo zaizkio, soilik helburu pedagogiko eta kritikoekin ikusi ahal izango dira.

Gainera, Emilio Mola eta José Sanjurjo militar faxisten kriptak eraitsi eta desagerrarazi egingo dira, egun dauden marmolezko harri eta inskripzioak eta guzti. Bi jeneral frankista horien gorpuzkiak 2016an atera zituzten Erorien Monumentutik.

Ramón Stolzen pintura frankistak agerian daude gaur egun. Eraldaketaren ondoren, soilik helburu pedagogiko eta kritikoetarako egongo dira ikusgai zati batean. Jagoba Manterola / Foku

Herritarren parte hartzea

"Garai historiko horren [Frankismoaren] irakurketa kritikoa eskaini, belaunaldi berriei ideologia faxistaren arriskua azaldu eta balio demokratikoen eta giza eskubideen etengabeko defentsaren" beharra nabarmetzea izango dira zentro horren helburuak, dokumentuak dioenez.

Beharrezko lege aldaketak egiteko proposamenak aurkeztuko dituzte EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, "eraikinaren eraldaketari segurtasun juridikoa emateko"

Horretarako, lehiaketa publiko bat egongo da, baina aurretik herritarrekin batera espazioaren ezaugarriak definitzeko parte hartze prozesua eramango dute aurrera udalean. Gainera, beharrezko lege aldaketak egiteko proposamenak aurkeztuko dituzte EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, "eraikinaren eraldaketari segurtasun juridikoa emateko".

Erorien Monumentuaren etorkizunaren inguruan eztabaida sakona eta zorrotza izan da Iruñean eta Nafarroan. ARGIAko Xabier Letonak mahai-ingurua egin zuen hainbat aditu eta eragileren ordezkariekin Larrun gehigarrian: Iruñeko Erorien Monumentua. Eraitsi, adieraberritu edo historia museo bihurtu izenburupean duzu irakurgai.