argia.eus
INPRIMATU
“18 urtekoen herenak noizbait apostu egin duela onartzen du”
  • Pasa den larunbatean Ermitagaina eta Mendebaldea auzo iruindarretako hamarnaka bizilagun bildu ziren otsailaren 8an Iruñerriko Apustu Etxeen Kontrako Plataformak deitua Iruñean egingo den apustu etxeen kontrako manifestaldia sostengatzeko. Protesta Gazteluko Plazatik abiatuko da 18.00-etan. Halaber, Haien negozioa, langileon miseria lelopean, Ermitaldea elkarteak mota honetako lokalen gorakada eta gazteengan sortzen duten ludopatia salatu zuen.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2020ko otsailaren 03a
Ermitaldea elkartekoek egindako mobilizazioa, otsailaren 8ko Iruñeko mobilizaziora deituz (Argazkia: Mikel Urabaien)

Mikel Ansorena Gutierrez Ermitaldea eta joko aretoen aurkako plataformako partaideak hedatze horri aurre egiteko kezkaren zabalpena itxaropenerako tresna gisa gailendu zuen: “Gero eta auzo zein herri gehiago batzen ari zaizkigu eta mugimenduak aurrera egitea espero dugu”. Horretaz gain, hurrengo manifestaldia “jendea kalera ateratzeko eta apustu etxeak erregulatzeko” balio izatea espero du.

Kontzientziazo horretan 24 urtez lanean dabil Nafarroako ludopatiaren aurkako Aralar elkartea, aurten sortutako hiriburuaren eskualdeko plataformarekin harreman estua daukana. Hauen datuen arabera, “Nafarroan 60 inguru dira mota honetako negozioak, eta kopurua gora doa”. Nabarmentzekoa da, aipatu zuten larunbateko kontzentrazioan, “jokalarien %60a ez dela gai eskatutako maileguak itzultzeko”. Gainera, komunikabidetan “publizitaterik ez zaiela falta” kritikatu zuten, hain zuzen ere.

Etorkizuna jokoan

Kezka nagusiena etorkizunari begira agertzen da, izan ere “bereziki harritzekoak dira gazteen apostatzeko ohitura adierazten duten datuak, 18 urtekoen herenak noizbait apostu egin duela aitortu du”, ohartarazi zuten. Plataformaren ustez fenomeno honen arrazoietako bat, joko aretoen berezko “erakargarritasunaz” gain, hauek eskolekiko duten kokapen hurbila da. Esate baterako, Mendebaldea auzoko Jaso Ikastola Reno aretotik 350 metrora dago, Merkuretik 200 metrora eta Sportiumetik 190 metrora. Gainera, alboan Nafarroako Liburutegia eta Musika Kontserbatorioa daudela gogorarazi zuten. Hortaz, beraien auzoa “apustu etxeen goraldiaren ispilu” dela ondorioztatu dute, egoera ez delako salbuespenekoa Iruñean, bertako apustu etxeen %90a ikastetxeren batetik 200 metro baino gutxiagora daudelarik, Diario de Navarra-k pasaden astean publikatutako albiste batek dioenez.

Egoera hau “larritzekoa” dela adierazi zuten Ermitaldeako kideek eta ondorengo jakinarazpenak egin zituzten: “Auzotik kanpo nahi ditugu adikzioa sustatuz etekinak lortu nahi dituzten horiek, eta ez gaituzte geldituko!”. Izan ere, ñabartu zuten, “kontsumitzailea beti ateratzen da galtzaile”. Horregatik, datorren larunbatean Iruñerriko Apustu Etxeen Kontrako Plataformak partidarekin bukatu nahi du, eta behingoz irabazi.