argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Carrefourren aurrean protesta egin dute esne ekoizleek
  • Espainiako Estatuak 35.000 euroko gehieneko laguntza emango dio esnetarako behien ustiategi bakoitzari, eta hori “sektorearen agonia luzatuko duen laguntza pozoitua da”, EHNEren arabera.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 12a
Argazkia: EHNE

Udaberrian, abereek kanpoko elikadura ere badutenez, pentsuan aurreztuko dutela dio EHNEk, baina urrian, "sektorearen behin betiko odolustea ikusten ahal dugu". Laguntzak ongi etorriak direla dio, baina oraindik ez dela elikagaien katearen legea betetzen. Supermerkatuetan prezio guztiak goraka doazela, eta esnearena ere bai, baina prezioaren igoera hori ez dela iristen abeltzainengana.

Saltoki handien lehian esnea erabiltzen jarraitzen dutela diote esne ekoizleek. Ikus daitekeela jogurtetan %30erainoko prezio-aldeak daudela saltokien artean, edo 7 zentimokoak esne marka zurien artean: "Horrek min handia egiten digu guri".

"Marka zuriak ez digu laguntzen"

Saltoki handietako marka zuriek ez dituztela ekoizpen-kostuak estaltzen salatu dute: "Marka zuriek ez diote gure sektoreari laguntzen, are gehiago, fabriketan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren pareko soldatak egotearen erantzule dira. Abeltzainok ari gara hornitzaileei fakturak ordaintzen, gure soldatatik dirua kenduta".

Eta kontsumitzailearentzat ere izan dute galderarik: "Ordainpeko telebista baten truke ordaintzeko prest gaude. Azken belaunaldiko mugikor batengatik ordaintzeko prest, baina prest al gaude litro bat esne edo lau jogurt prezio justuan erosteko? Prest zaudete esne litro bakoitzeko 20 zentimo gehiago ordaintzeko, edo urtean 14 euro gehiago?".